Gasteizko Toponimia herritarrei modu "didaktiko eta atseginean" hurbiltzeko erakusketa inauguratuko du Euskaltzaindiak ostegun honetan, martxoaren 5ean, 10:00etan, Gasteizko Hegoalde gizarte etxean. Ekitaldian parte hartuko dute Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, Udaleko Euskara Zerbitzuburuak, gizarte etxeetako arduradunek eta erakusketaren egileek.
Gizarte etxeetan jarriko diren erakusketa iraunkorretan lehenengoa izango da hau. 2025ean, Gasteizko hitzarmenaren baitan, udalak eta Euskaltzaindiak adostu zuten hiriko toponimia zabaltzeko erakusketa iraunkorrak instalatzea gizarte etxeetan. Lehenengoa Hegoalden jarriko da, eta Zabalganeko gizarte etxean ere instalatuko da 2026an zehar.
Panel ugarik osatzen dute erakusketa, eta Gasteizko kale izenak, lursailen izenak, ibaiak eta bestelako toponimoak azaltzen dira, ikuspegi didaktiko eta bisual erakargarria eman nahian. Erakusketa Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean garatu da. Testuak Elena Martinez de Madina euskaltzain urgazleak idatzi ditu. Diseinua Habemus estudioak egin du, eta ilustrazioak Saioa Aginakok sortu ditu.
2009an hasitako lana
Erakusketa hau azken hamarkadan egindako ikerketa lan zabal baten emaitza da. Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean argitaratu dute Gasteizko toponimiari buruzko bilduma, guztira bederatzi liburuki. Azkena, Dibiña II, 2024ko azaroaren 11n aurkeztu zen udaletxean, eta horrekin amaiera eman zitzaion 2009an hasitako proiektuari.
Bilduma Henrike Knörrek bultzatu zuen, eta Elena Martinez de Madina izan da ikertzaile nagusia. Onomasticon Vasconiae bilduman argitaratutako lanek jaso dituzte Gasteizko hiriak eta udalerriko 64 herrik XV. mendetik XXI. mendera arte izan dituzten toponimo guztiak. Erakusketarako, bilduma horretako adibide esanguratsuenak hautatu dira.