Araba Euskaraz Jai Alai txapelketaren laugarren edizioa aurkeztu dute

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 27a

Olabe pilotalekuak zesta puntarik onena eskainiko du martxoan.

Araba Euskaraz Jai Alai Master Series zesta punta txapelketa laugarren ediziora heldu da. 2023an egun bakarreko Open formatuarekin sortu zenetik, hitzordua finkatu egin dute negu amaierako egutegian, eta Gasteizko Olabe pilotalekua maila goreneko eszenatoki bilakatu. Ekimen honek Araban zesta punta eta euskara sustatzea du helburu, Arabako Euskal Pilota Elkartearen eta Gasteiz Jai Alai zein Araba Airean kluben laguntzarekin.

Aurten ere, txapelketa Jai Alai Leagueko proba puntuagarria izango da, bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategorietan. Horrek esan nahi du parte hartzaileek puntuak pilatu beharko dituztela denboraldi amaierako Final Four-erako sailkatzeko. Gasteizko zita nazioarteko egutegi profesionalaren parte da, Gernika, Durango, Bilbo, Biarritz edo Floridako Biscayne Cup bezalako txapelketen pare. Iazko edizioan Urreisti-Lekerika eta Maite-Arai bikoteak izan ziren txapeldun Olabe pilotalekuan.

Aurtengo edizioan hiru pilotari arabar arituko dira lehian: Julen Del Rio gasteiztarra, Maite Ortiz de Mendibil 2022ko munduko txapelduna eta Aaron Gonzalez de Matauko, Danian (Florida) denboraldia osatu berri duena. Hauekin batera, mundu mailako puntista entzutetsuak izango dira Gasteizen, besteak beste, Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Thibault Basque eta Helena Barrenetxea. Guztira, zortzi emakumezko eta zortzi gizonezko lehiatuko dira bi asteburutan zehar, finalerako txartela lortzeko asmoz.

Txapelketa martxoaren 6an hasiko da lehen finalerdiekin, eta martxoaren 13an jarraituko du bigarren jardunaldiarekin; biak 18:30ean hasiko dira kiniela amerikarrekin. Final handiak martxoaren 20an jokatuko dira eta ETBk zuzenean eskainiko ditu. Araba Euskaraz zein Eraman Jai Alai webguneetan eros daitezke sarrerak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago