Hots & Hitz jardunaldiak izango dira larunbatean Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 26a

Saguxar izango da amaierako kontzertua emango duten artistetako bat. Argazkia: Saguxar

Larunbat honetan, otsailaren 28an, mahainguruak, tailerrak eta kontzertuak izango dira Gasteizen. Euskal musika sektorearen egoera eta erronkak ikuspegi kritikoarekin landuko dituzte.

Hots & Hitz jardunaldiak Gasteiza iritsiko dira aurten, Musika Bulegoak antolatuta, musika sektoreari begirada kritiko eta kolektiboa eskaintzeko helburuarekin. Donostia eta Bilbotik igaro ondoren, laugarren edizioa otsailaren 28an izango da, larunbatez, eta egitarau zabala antolatu dute hiriko hainbat gunetan.

Jardunaldien ardatza izango da musika sektorea berdintasunetik berrirudikatzea. Euskal musika sektorearen egoerari buruzko gogoeta eta analisi kritikoa sustatu nahi dute jardunaldiek, berdintasunean oinarritutako ikuspegitik. Historikoki gizonezkoen presentzia nagusi izan den esparru honetan, jardunaldiek egungo erronkak identifikatu, desberdintasun estrukturalak ikusarazi eta elkarrizketarako espazioak sortzea dute xede, sektore justuago eta anitzago bat irudikatzeko.

Ikuspegi intersekzionala izango dute oinarri: genero desberdintasunak beste bazterketa ardatz batzuekin gurutzatzen direla ulertzen duen markoa, hala nola jatorria, arraza, klase soziala, orientazio sexuala edo aniztasun funtzionala. Horrela, Hots & Hitz topagune bihurtu nahi dute sektorearen eraldaketan interesa duten pertsona eta eragileentzat; esperientziak, ezagutzak eta praktika eraldatzaileak partekatzeko.

Egitarau anitza izango da bertan: eztabaidak, tailerrak eta musika kontzertuak, besteak beste. Otsailaren 28an, egun osoan zehar eta hiriko hainbat espaziotan banatuta, programak formatu ezberdinak uztartuko ditu. Musika sektoreko hainbat esparru jorratuko dira, hala nola, lan baldintzak, sorkuntza, teknologia edo eszenatoki eta programazioetan emakumeen eta bestelako identitateen presentzia.

Egitaraua

Egunari hasiera emateko, 10:00etan, sektoreko emakume profesionalek dituzten erronkak aztertuko dira lan mahai batean. Saioa Emakumeen Etxean izango da, eta Ibone Iza eta Lara Alcazar arituko dira dinamizatzaile. Saio honetarako soilik behar da aurrez izena ematea, gainerako ekitaldiak doan eta zabalik egongo dira. Bigarren saioa Montehermoso kulturunean egingo da, 12:00etan. Sara Zozaya, Nerea Alberdi eta Alai Ormazabal izango dira hizlari, eta musika ekoizpenean gaur egun dauden erronka teknologikoak izango dituzte hizpide.

Arratsaldean berriz, 18:30ean, hirugarren saioa izango da Izaskun Arrue kulturgunean, euskaraz. Euskal Herriko musika eszenatokietan dauden hutsuneak eta aldatu beharreko esparruak identifikatzen saiatuko dira. Josune Freire, Garazi Esnaola eta Lide Hernando arituko dira hizlari, Oli Artolak gidatuta. Ostean, 20:30ean, jardunaldia amaitzeko kontzertua izango da. Saguxar eta Alai izango dira oholtza gainean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago