Jazzaldian bueltan da Ruben Blades

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 26a

2017an izan zen azkenekoz Gasteizen Ruben Blades. Argazkia: JAZZALDIA/ FEDERICO GALBRAIT

'Fotografías' azkeneko lana aurkeztuko du Gasteizen, uztailaren 17an.

Ruben Blades artista panamarra berriz ere igoko da Mendizorrotzako oholtzara. Europan egin behar duen biraren barruan, geldialdia egingo du Gasteizen uztailaren 17an. Kontzertu honetarako, Roberto Delgado buru duen eta hogei bat musikarik osatzen duten big band orkestra izango du lagun agertokian.

Arabako hiriburuko emanaldi honetan, abeslariak Fotografías izeneko bere azken diskoa aurkeztuko du, Amerikako kontinentean zehar egin duen biraren ondoren. Disko berriko kantuez gain, bere ibilbideko abesti ezagunak interpretatuko ditu, horien artean Pedro Navaja, Decisiones eta Amor y Control bezalako klasikoak. Artistak bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean grabatutako piezak bilduko ditu.

Bladesek 1970ean debutatu zuen eta, harrezkero, saltsa afro-kubatarra rocka, jazza eta munduko beste soinu batzuekin uztartu du. Bere ibilbidean zehar 12 Grammy sari eta 13 Latin Grammy irabazi ditu; azkena, hain zuzen, saltsa album onenarena izan da Fotografías lanagatik. Musikaz gain, telebistan ere aritu da, Fear the Walking Dead telesailean zortzi denboraldiz parte hartu baitu aktore gisa.

Fotografías albumak Roberto Delgado eta Panamako Orkestrarekin hasitako zikloari jarraipena ematen dio, bi tronpeta, hiru tronboi, orkestra eta big band formatuak konbinatuz.

Gasteizko Jazzaldiak laster emango du gainerako programazioaren berri, eta orduan zehaztuko du sarreren salmenta noiz hasiko den.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago