Iritzia

Gure erditzea

Bego Oleaga 2026ko martxoaren 1a

'M3 Borroka ez da eten' fanzinean ilustrazioak, poemak eta testigantzak bildu dituzte, besteak beste. Argazkia: GKS

"Indarra ematen genion elkarri, nekatuta geundenean, etsipena agertzen zenean, norabidea argi marraztu eta elkarrekin aurrera eginez".

Greba aurrera zihoan, eta beldurrak agertu ziren: ea zer gertatuko zen, momentuko kezkak eta egonezinak… inork ez zuen espero hain luzea izango zenik. Emakume asko eta asko etxeko andreak ziren, asko etorkinak, beste batzuk fabriketako langileak ginen. Gehienentzat hura zen lehen borroka esperientzia. Galduta bezala geunden asko, eta nahasmenaren erdian emakume batzuk bultzatuta "asamblea de mujeres de trabajadores en lucha" sortu zuten, hasiera batean, hitz egiteko.

Hitz egiteko genituen beldurrez, kezkez, ardurez… lehen egunetan isiltasuna gailentzen zen. Askok ez genekien nola espresatu; ez genekien horrelako testuinguru batean zer hitz erabili. Adi adi entzuten genion elkarri. Nik ez nuen behin ere ahoa ireki, inoiz ere ez, isil isilik egon nintzen beti. Lola, Zaramagako emakume batek, esaten zidan: "Bego, por qué no hablas?", "Es que estoy impresionada con estas mujeres, no se que decir". Nik entzun nahi nuen, ikasi. Eskola erraldoi bat izan zen guztiontzat.

Gogoan ditut bereziki Extremadurako Mari, bizi-bizia, bere gizona Cablenorreko langilea; Antonia, emakume nagusia, gizona eta bi semeak Aranzabaleko lantegian zituenak greban; Flori, Zaramagakoa, oso aktiboa beti eta saltsa guztietan sartuta. Hitza hartu eta diskurtsoekin liluratzen gintuzten, hitzak jartzen zizkieten guztiok sentitzen genuen eta ulertu nahi genuen horri.

Pixkanaka-pixkanaka geroz eta gehiago hitz egiten hasi ziren kideak. Indarra ematen genion elkarri, nekatuta geundenean, etsipena agertzen zenean, norabidea argi marraztu eta elkarrekin aurrera eginez. Argi genuen greba hau irabazi beharra zegoela. Asanblada batean, guztioi begira, guztion barrenera begira, bota zuen batek: "Cuando las cosas van mal en la fábrica, con quién pagan nuestros maridos?" galdetu zuen, "Con nosotras, no? Pues esta huelga, la tenemos que ganar, porque sino, va a repercutir en nuestra vida de una forma terrible". Ahal genuen guztia egin genuen.

Beste batek, honakoa esan zuen, eta bere atzetik beste batzuk egoera antzekoarekin: "Yo soy analfabeta. Pero… voy a decir cómo tenemos que cocinar y cómo tenemos que limpiar la casa para ahorrar dinero…". Hortxe genituen ekonomia klaseak bete-betean. Ematen zituzten errezetak, garbitzeko trukoak, zer erosi, nola egin… jakintza guztia partekatzen genuen.

Polizia ere… Polizia zer den egun horietan deskubritu zuten askok. Ikusi zuten bere gordintasunean, jotzen gintuzten bakoitzean.

Prozesu bat izan zen. Asanblada gurea zela sentitzen genuen guztiok, eta momentu batetik aurrera, besterik gabe, emakumeen asanblada deitzen hasi ginen, gure senarren koletilla kenduta. Autoestima baju bat izatetik, funtzio publikorik ez izatetik, pasa ginen sujetuak izatera. Subjektu aktiboak, subjektu politikoak. Ez ginen gelditzen: goazen eskirolen aurka piketeak egitera (ni Forjas eta Gabilondon egon nintzen); goazen erresistentzia kutxa antolatzera; goazen, baita ere, ostegunero poltsa hutsen ibilbidea egitera Virgen Blancatik, ez dugulako nahikoa diru erosketetako poltsak betetzeko; goazen dendaz denda erresistentziarako itxulapikoak jartzera; goazen kuestazioak egitera asteburuetan, auzoz auzo dirua batzeko.

Gure asanblada oso aberatsa zen, bizitza erdigunean jartzen zelako, asterik aste hezi ginelako elkarron artean. Borroka prozesu honek goitik behera baldintzatu zuen Gasteizen geroa. Hau izan zen erditze bat, ez naturala, baina erditze bat. Eztanda bat. Jendea gogor sentitzen zen, indartsu. Momentu batez sentitu genuen kaleak gureak zirela. Inpresio handia ematen du. Botere inpresio bat. Kalea. Giro ona. Eta beldurra. Beldurra ere bai. Baina bagenekien beldur hori guztiona zela, eta horri erantzuteko modu bakarra elkarrekin antolatuta zela.

Bego Oleaga. 1976an Orbeako langilea.

Martxoak 3, borroka ez da eten

Testu hau Bego Oleagaren (Durango, 1945) ahozko kontakizunetik abiatuta idatzia izan da, eta GKSk osatu duen 'Martxoak 3. Borroka ez da eten' fanzinean jaso dute. Fanzine honetan memoria ariketa bat egin nahi izan dute, "hildakoak ez ezik haien ametsak eta borroka grina gurera ekartzeko". Literatura, testigantzak eta ilustrazioak bildu dituzte fanzinean, besteak beste, garaiko protagonistenak zein gazteenak. Gasteizko hainbat liburu dendatan dago eskuragai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago