Euskal Herrian gogoratzen den langile mobilizazio handienetako baten lekuko izan zen Basauri 1976ko martxoan. Gasteizen hildako langileei elkartasuna adierazteko protesta gisa martxoaren 8an hasi zen greba, eta, ordu gutxiren buruan, manifestazio eta batzar jendetsuen marea geldiezina bihurtu zen. Haserreak zeharkatzen zituen lantegiak, dendak, auzoak eta plazak. Hainbat egunetan, herria errepresioaren aurkako pultsu irmo batean antolatu zen, eta martxoaren 8an goizean goizetik, langileak institutuko zelaian biltzen saiatu ziren batzar bat egiteko, baina Guardia Zibilak sarbideak itxi zituen.
Kaleak jendez gainezka zeuden, eta Guardia Zibilak industrialdeak patruilatzen zituen piketeak mehatxatuz: "Gaur irteten bazarete, hiltzera tiro egingo dugu", zioten. Inork ez zuen atzera egin. Eguerdi inguruan, Guardia Zibilaren jeep bat abiadura handian sartu zen herriko kale nagusian. Manifestariek txistu egin eta aterkiak bota zizkioten. Ibilgailua gelditu egin zen, eta bost agente kolpetik jaitsi ziren. Aurretik abisatu gabe, armak altxatu eta tiro egin zuten. Tiro horietako batek buruan jo zuen Vicente Anton Ferrero, jendartean zegoen 18 urteko gaztea. Bere hilketak betirako markatu zuen Basauriren oroimen kolektiboa, eta mezu argi bat utzi zuen: herria ez zegoen isiltzeko prest.
Tarragona
Tarragonan, martxoaren 5ean, findegia muntatzen lan egiten zuten hiru mila langileek manifestazioan oinez joatea erabaki zuten, Gasteizko gertaeren aurkako protesta eta biktimekiko elkartasuna adierazteko. Karga bortitzak eta etengabeak gorabehera, ehunka langile iritsi ziren arratsaldeko laurak aldera Rambla Novara, non mobilizazioen aurkako ekintza errepresiboa ez zen gelditu.
Manifestarien artean, Juan Gabriel Rodrigo Knafo, 19 urtekoa, jazarri egin zuten bi poliziek Unio kaleko 7. zenbakiko eraikinaren teilaturaino, eta handik behera erori zen gaur gaurkoz argitu ez den gertaeran.