Zaramagan, martxoaren 4an, bizilagun batek, gezurrez nazkatuta, telebista leihotik bota zuen espaloiaren kontra puskatuz. Gasteiztarrak haserre zeuden telebista eta prentsa ofiziala ematen ari ziren informazioarekin. Sumindura kolektibo hori argi azaldu zen ehorzketaren eta hiletaren egunean bertan, komunikabide nazionalei txistu egiten zieten bitartean atzerriko kazetariekin hitz egiten baitzuten. El libro negro de Vitoria liburuan jasotzen da hedabideen kontrako herra: "Prentsak, irratiak, telebistak, beren informazioekin, beren buruaren irudi desitxuratua itzultzen diete hemen bizi direnei. Azokako ispiluak bezala. Eta gasteiztarrak mutu eta isolatuta sentitzen dira".