Etxean eta fabriketan lan egiten zuten emakumeen parte hartzerik gabe 1976ko grebak huts egingo zuen. Halere, historia handia eta epikoa bihurtzen den guztietan bezala, emakumeen ekarpena urte luzez bigarren mailakora murriztu da. Gasteizen 1970. hamarkadan emakumezkoak ziren nagusi industria askotan, eta grebaren prozesuan emakumeen gehiengoa zuten fabrikak gainerako enpresak bezala borrokan hasi ziren. Ordezkaritza Batzordeetara haien eledunak bidali zituzten eta elkarrekin parte hartu zuten mobilizazioen eztabaidan eta prestakuntzan. Areition, kasu, 600 emakume baino gehiago zituen lantegian, arazo handienetako bat izan zen gizonezkoek kezka eta traba asko jartzen zituztela greba egiteko.