Gasteizko Udalak herritarren parte hartzea bilatu nahi du, Euskara zerbitzuaren programetan genero ikuspegia txertatzeko egiten ari den diagnosian laguntzeko. Lanketa hori Berdintasun zerbitzuarekin elkarlanean garatzen ari dira, eta Kalaka elkartearen aholkularitzarekin. Galdetegi bat zabaldu dute, herritarren iritzia jasotzeko.
Udalak azaldu duenez, helburua da euskararen normalizazio politiketan genero ikuspegia modu sistematikoan txertatzeko oinarriak finkatzea. Horretarako, hainbat lan ildo jarri dituzte mahai gainean. Batetik, hiriko datu soziolinguistikoetan emakumeen eta gizonen egoera eta beharrak hobeto islatuko dituzten adierazle berriak proposatu nahi dituzte. Euskararen normalizazioan eta genero ikuspegiaren zeharkakotasunean gaur egun erabiltzen diren neurriak aztertu eta osatu nahi dituzte, eta beharrezkoak diren irizpide berriak planteatu.
Bestalde, Ekin! Gasteizko Genero Berdintasunerako V. Plana eta AROA Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana uztartzeko moduak identifikatzeko asmoa du udalak. Programetako ekintzek generoaren arabera duten eragina neurtzeko baliabide teknikoak eskaintzea asmo dute, hala nola genero adierazle egokiak edo genero egokitasunaren beharra aztertzeko tresnak.
Prozesuaren barruan, Udalak elkarrizketa sakonak egin ditu hainbat eragilerekin, eta galdetegiak ere jarri ditu martxan elkarte eta herritarrentzat. Helburua da gasteiztarrek euskararen eta genero ikuspegiaren arteko uztarketari buruz dituzten pertzepzioak eta esperientziak jasotzea. Udalak herritar guztiak animatu ditu inkesta betetzera, martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.