Gogoeta eta doinu akustikoak, aste berean Jesus Ibañez de Matauko antzokian

Erlantz Anda 2026ko otsailaren 25a

Interview, urez eta ondarrez ikusi ahal izango da gaur.

Gasteizko Udal Antzoki Sareak bi hitzordu berezi antolatu ditu, gaurko eta martxoaren 5erako. Antzerki-zinemaren eta musikaren arteko proposamen intimoa batetik, eta euskal rockaren erreferente baten formatu akustikoko kontzertua bestetik. Biak ala biak Jesus Ibañez de Matauko Antzokian izango dira.

Gaur, 19:30ean, “Interview, urez eta hondarrez” izeneko ekitaldia taularatuko dute. Proposamenak De Agua y Arena (Urez eta hondarrez) film laburra du abiapuntu, eta ondoren publikoaren eta protagonistaren arteko elkarrizketa irekia eskainiko da.

Solasaldiaren ardatza Telmo Irureta izango da. Aktoreak bere ibilbideaz, bizipenez eta sormen prozesuez hitz egingo du, umorea eta gogoeta uztartuz. Antolatzaileen arabera, ohiko aurkezpen formatuetatik harago doa saioa, publikoarekin harreman zuzena bilatzen duena.

Martxoaren 5ean, 19:30ean berriz, Urtz taldeak bere bira akustikoa ekarriko du Gasteizera. Euskal rockaren eszenan ibilbide luzea egin du taldeak, eta oraingoan formatu intimoagoan aurkeztuko ditu bere abesti ezagunenak eta lan berriko doinuak.

Kontzertuak errepertorio klasikoa eta azken diskoko piezak uztartuko ditu, moldaketa bereziekin eta giro hurbilago batean. Antzoki formatuak entzuleari bestelako esperientzia bat eskaintzea du helburu: zuzenekoaren indarra galdu gabe, ñabardurak eta testuak lehen lerroan jarriz.

Bietarako sarrerek 15 euroko prezioa dute, eta aldez aurretik eros daitezke Gasteizko Udalaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago