Amaiur Maciasekin hasiko da Bertako jaialdia

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 24a

Martxoaren 1ean izango da 'Voyage Voyage' antzerki dokumentala eta performancea uztartzen dituen obra. Argazkia: Makur

Otsailaren 27tik martxoaren 1era ospatuko da, Baratza aretoan, gertuko proposamen eszeniko berriak bilatzen dituen jaialdia.

Ostiraletik igandera bitartean, Bertako Fest jaialdiaren edizio berria hartuko du Gasteizko Baratza aretoak. Gertuko lanak ardatz, ekimen honek hirian eta inguruetan sortutako proposamen eszenikoak plazaratzea du helburu, bertako egoitza artistikoetan landutako lanak ikusleengana hurbilduz.

Irekiera ekitaldia otsailaren 27an, ostirala, izango da Amaiur Maciasen eskutik. Organorik gabeko gorputz baten orroak izeneko antzerki performanceak sedukzioaren eta munstrokeriaren arteko mugak arakatuko ditu. Gorputza eremu kolektibo gisa aurkeztuz, Maciasek begirada kritikoa proposatzen du, publikoari galdera deserosoak eginez intimitateari eta pieza eszenikoak ikusteko dugun moduari buruz.

Larunbatean, otsailak 28, dantzak hartuko du lekukoa Patas de Gansa Kolektiboaren eskutik. Txatxara piezak omenaldi hunkigarria egiten die gure antzinako emakumeek egindako zaintza lanei, zehazki ibaietan arropa garbitzen zuteneko bizipenetan oinarrituta. Lan honek aitortzarik gabeko zeregin horien garrantzia gogora ekarri eta afektuaren transmisioaren inguruko gogoeta bultzatzen du dantza mugimenduen bitartez.

Jaialdiari amaiera emateko, martxoaren 1ean, Makur Antzerkiak Voyage Voyage lana aurkeztuko du, antzerki dokumentala, performancea eta umorea uztartzen dituen proposamena. Korrika Kulturalaren barruan kokatutako bidaia honek urrunekoaren eta gertukoaren arteko loturak aztertzen ditu, ikuslea bere buruarekin topo egitera gonbidatuz.

Sarrerak eta informazio zehatza jaialdiaren webgunean daude jada eskuragarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago