Gasteizko Udaltzaingoak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen igande arratsaldean, bikotekide ohiari heriotza mehatxuak egitea eta tratu txarrak ematea egotzita. 16:00ak baino lehentxeago, Poliziaren koordinazio zentralak Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batera joateko eskatu zion herritarren segurtasunerako lanetan ari zen patruila bati, emakume batek ondoko etxebizitza batean babestu behar izan zuelako bikotekide ohiarengandik ihes egiteko.
Udaltzainak bertaratu zirenean, biktimarekin eta auzokide batekin hitz egin zuten. Azaldu zutenez, minutu batzuk lehenago eztabaida izan zuten, eta gizonak, oso oldarkor, hainbat irain eta heriotza mehatxu egin zizkion. Lekukoaren bertsioa entzun ondoren, Polizia biktimaren etxebizitzara joan zen bikotekide ohiarekin hitz egitera. Gizonezkoa oso aztoratuta zegoen, eta oso zaila izan zen hura lasaitzea gertatutakoa argitzeko. Azkenean, poliziek anbulantzia bat eskatu zuten artatzeko, eta ospitalera eraman zuten. Horren berri eman ziotenean, bortitzago jarri zen gizona, eta polizietako bati ere oldartu zitzaion, kalteak eraginez.
Ospitalean alta eman ziotenean atxilotzeko agindua eman zuten, biktimak eta bien seme adingabekoak izan zezaketen arriskua kontuan hartuta. Patruila bat haren bila joan zen, eta biktimaren atarian bertan aurkitu zuen eta atxilotu egin zuen.
Bigarren atxiloketa, tratu txar psikologikoak emateagatik
Bestalde, ostiral gauean, udaltzainek 45 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekideari eta haren alabari tratu txar psikologikoak ematea egotzita.
Biktimak 092 telefonora egindako dei batean ohartarazi zuen bikotekidea iraintzen ari zitzaiola eta eztabaida gogorra izaten ari zela. Udaltzainak bertaratu zirenean, gizona eta emakumea banandu zituzten eta haietako bakoitzarekin elkarrizketatu ziren. Emakumeak adierazi zuen ia egunero bere bikotekidea oso oldarkor jartzen zela, irainak egiten zizkiola, gutxietsi egiten zuela eta etengabe telefono deiak eginez kontrolatzen duela.
Emakumeak azaldu zuenez, gainera, bere alaba adingabea ere iraindu eta mespretxatu egiten zuen gizonak etengabe gatazketan bitartekari izaten saiatzen zenean. Egoera ikusirik poliziek gizona atxilotu zuten.
Sarrigurenen hilketa matxista
Astelehen arratsaldean, berriz, protesta jendetsua egin zuten Gasteizen Sarrigurenen izandako hilketa matxista arbuiatzeko. Mugimendu feministak nabarmendu du ez dela gertaera bakan bat: "Feminizidio bat da, gure kale eta etxeetan dirauen indarkeria zisheteropatriarkalaren adierazpenik gordinena".
28 urteko gizonezkoak emakumezko bat hil zuen eta beste bat larri zauritu ostiral iluntzean, Sarrigurenen. Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean; gizonezkoak labanaz eraso zion bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean bizirik bazen ere, ezin izan zuten suspertu emakumea. Gizonak larri zauritu zuen beste emakume bat: bere ama, hain justu. Biktima Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten, eta ebakuntza bat egin zioten gauean. Gaur jakinarazi dutenez, hobera egin du, eta ez dago hiltzeko arriskuan.
Hiltzaileak erasoaren ostean ihes egin zuen, baina geroago bere burua entregatu zuen polizia etxean eta atxilotuta dago.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.