Ertzaintzak segurtasun operazio handia ezarri du gaur goizean EHUren Arabako campusean, Voxek Farmazia fakultatearen inguruan antolatutako ekitaldiagatik, eta horren aurka deitutako protesten harira. Goizetik bertatik, polizia kordoi zabal batekin itxi dute campusaren zati handi bat, eta sarrera guztiak kontrolpean izan dituzte. Droneak, txakurrak, eta dozenaka ertzain baliatu dituzte, eta estoldak ikuskatzea eta ibilgailuak kentzea ere izan da operazioaren parte. Unibertsitateak bertan behera utziak zituen aurrez aurreko eskolak, segurtasuna bermatzeko.
Voxen ekitaldiaren aurkako erantzuna zabala izan da. 12:00etan, ikasle taldeek deituta manifestazioa egin dute Letren fakultatearen atzealdeko pasealekuan. 400 lagun inguru bildu dira bertan, eta protesta osoa istilurik gabe igaro da, oihu artean. Antolatzaileek salatu dute unibertsitatea "antifaxismoaren gotorleku" izan behar dela, eta eskuin muturreko alderdiaren presentzia "probokazio tresna" gisa ulertu dute.
Voxeko ordezkariak, polizia lerroaren barruan bilduta, saiatu dira euren mezua zabaltzen, baina Ertzaintzak ez die bertan adierazpenik egiten utzi. Azkenean, Farmazia fakultatearen atarian egin dituzte adierazpenak, "Unibertsitatea guztiona da. Kanpora ideologia eta adoktrinazioa" zioen pankartaren ondoan. Agerraldia egiteko unibertsitateko eremu horretan kokatuta zeuden hainbat pankarta kendu dituzte, tartean martxoaren 3aren omenezkoak.
Elkarretaratzea erdigunean
Unibertsitateko protestez gain LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Andre Maria Zuriaren plazan egin dute elkarretaratzea, Ikama antolakundeko kideekin batera. Bertan, "Euskal Herri antirrazista, feminista eta euskalduna" aldarrikatu dute, eta adierazi dute ezinbestekoa dela faxismoaren aurrean "ozen mobilizatzea". Sindikatuen ustez, Voxen presentziak gatazka bilatzen du, eta haren diskurtso xenofobo, matxista eta euskarafoboari aurre egin behar zaio, gizarte "bidezko eta askatzaile baten aldeko konpromisoa indartuz".
Egunak tentsio giroa izan badu ere, protestak orokorrean lasai igaro dira, eta ez da istilu larririk izan. Hala ere, eztabaida zabalik geratu da, zein puntutaraino izan behar du unibertsitateak espazio neutral bat, eta non hasten da komunitatearen segurtasuna bermatzeko ardura.