Musikaz hitz egiteko geldialdia

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 20a

Karmele Jaioren solasaldiarekin hasiko da zikloa, martxoaren 2an.

‘Melomaniak’ ziklo berria aurkeztu du Gasteizko Montehermoso kulturuneak, musikaren bidezko bidaia intimoa.

Montehermoso kulturuneak Melomaniak izeneko ziklo kultural berria jarriko du martxan martxoan. Kultur munduko lagun ezagunekin solasaldiak proposatzen ditu, musika ardatz, haien bizitza eta sormen prozesua aldatu zuten abestiak eta soinu banda pertsonalak ezagutzeko asmoz. Garbiñe Ortega komisario eta kultur kudeatzaileak moderatuko ditu saioak, eta zikloaren helburua musika industria edo entretenimendu huts gisa ikusteari uztea da, "esperientzia intimo eta eraldatzaile gisa ulertzeko".

Lehen edizio honek bost gonbidatu bilduko ditu martxoko astelehenetan: Karmele Jaio idazlea (martxoaren 2an), Ramon Andres saiakeragilea (martxoaren 9an), Aranzazu Calleja konpositorea (martxoaren 16an), Christina Rosenvinge musikaria (martxoaren 23an) eta Niño de Elche artista (martxoaren 30ean). 

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Kultura zinegotziaren hitzetan, pertsona bakoitzaren atzean bere ibilbidean eta sentsibilitatean erabakigarria izan den soinu banda bat dago, eta topaketa hauek "babesleku" gisa funtzionatuko dute sormenezko bultzada horietaz patxadaz hitz egiteko.

Sarrera doakoa den arren, interesatuek gonbidapena hartu beharko dute aurretik. Plaza mugatuak direnez, gonbidapenak jada Montehermoso kulturunearen webgunean daude eskuragarri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago