Udaltzaingoek 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean, bikotekideari ohizko tratu txarrak ematea egotzita. Poliziaren oharraren arabera, 17:00ak baino lehentxeago dei bat jaso zen 092 telefonoan, eta laguntza eskatzen zuen emakume baten oihuak aditzen ziren. Poliziak deiaren lekua aurkitu zuen bitartean, gainera, erasoaren lekuko baten beste dei bat jaso zuten.
Etxera bertaratu zirenean salatzaileak azaldu zien haren laguna zela biktima, bikotekideak eraso egin ziola eta ez zela gertatzen zen lehen aldia. Etxebizitzan zeudela, biktimaren eta gizonaren lekukotzak jaso zituzten poliziek eta ikusirik emakumeak zituen lesioak, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Asteazken gauean, berriz, Gasteizko udal poliziak 21 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen, emakume bati lesioak eragitea egotzita. Errege Katolikoen kalean jazo zen erasoa, erasotzailea ihes egiten saiatu zen, baina azkenean poliziak aurkitu eta atxilotu zuen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.