Pertsona bat hil da trenak harrapatuta Gasteiz kanpoaldean

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 19a

Gasteiztik Dulantzirako norabidean eman zen istripua. Argazkia: ALEA

Atzo arratsaldean izan zen ezbeharra. Bi orduz etenda egon zen tren zirkulazioa Gasteiz eta Dulantzi artean.

Atzo arratsaldean pertsona bat hil zen Gasteizko kanpoaldean trenak harrapatuta. Arratsaldeko 18:00ak aldera izan zen istripua. Gertakaria baimendutako pasabidea ez den puntu batean izan zen, trenbideak zeharkatzen dituzten zubi batzuen parean, A-132 errepidea eta Euskadi etorbidea lotzen dituen pasabidean, Salburua eta Arkaia inguruan.

Istripuaren ondorioz, tren zirkulazioa eten egin zen 18:30etik 20:30era bitartean, segurtasun indarren eskariz, Gasteiz eta Dulantzi arteko tartean. Zerbitzua berriro martxan jarri zenean, trenek atzerapenak izan zituzten, trafikoa pixkanaka normaldu arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago