Sahararen 50 urteko ibilbidea, Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 17a

Saharar herriaren aldeko kontzentrazioa Gasteizen. Argazkia: ALEA

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 50. urteurrena ospatzeko egitarau zabala antolatu du Gasteizen SEADen Lagunak elkarteak.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zenetik 50 urte beteko dira datorren otsailaren 27an, eta efemeride hori dela eta, SEADen Lagunak Elkarteak kultura, hezkuntza, eta gizarte jarduerez osatutako programa berezi bat aurkeztu du. Ekitaldiak gaurtik aurrera egingo dira, Gasteizen.

50 urte Aberri bat eraikitzen lelopean antolatutako programak Saharako herriaren azken mende erdiko ibilbide instituzionala, erresistentzia eta eraikuntza nazionala balioan jartzea du helburu. Halaber, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko herritarren konpromisoa indartu nahi da.

Kultura, hezkuntza eta memoria, ardatz

Egitaraua gaur bertan irekiko da, tailer artistiko parte hartzaile batekin eta saharar sukaldaritzako lantegi batekin. Bi jardueren bidez, sorkuntza kolektiboa eta esperientzia gastronomikoa baliatuta, saharar herriaren kultura eta tradizioak herritarrengana hurbiltzea izango da xedea. Otsailaren 19an, ostegunean, sukaldaritza lantegiaren saio berri bat egingo da, saharar nortasunaren inguruko prestakuntza eta kultura eskaintza zabalduz.

Otsailaren 21ean, berriz, familia giroko jardunaldi berezia antolatu da. Goizean haurrentzako jarduerak eta ipuin kontalaria izango dira, eta arratsaldean saharar jolas tradizionalen saioa egingo da. Belaunaldi gazteen artean kultura arteko ezagutza eta balioen transmisioa sustatu nahi dira horrela.

Manifestazioa, otsailaren 27an

Otsailaren 26an, mahai-ingurua egingo da Mendebaldeko Sahara: memoria eta konpromisoa  izenburupean. Bertan, SEADek 1976tik gaur arte izan duen ibilbide historikoa eta egungo prozesu politikoaren erronkak aztertu eta hausnartuko dira. Hurrengo egunean, otsailaren 27an, SEADen aldarrikapenaren data ofizialarekin bat eginez, manifestazioa egingo da Gasteizen, saharar herriaren eta haren eskubideen alde.

Otsailaren 28an, larunbata, musika sahararraren kontzertu batek emango dio amaiera kulturala urteurreneko ospakizun nagusiari. Azkenik, martxoaren 2an, astelehena, topaketa publiko bat egingo da prozesu historikoaren eta haren ondorioen inguruan. Hitzordua Sahara Occidental. 1975 liburuaren aurkezpenaren harira antolatu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago