indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak jipoitzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 16a

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa. Argazkia: ALEA

Zaramagako etxebizitza batean 42 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbatean udaltzaingoak; eta igande goizaldean 31 urteko beste gizon bat Judimendin.

Udaltzainek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat goizean, bikotekideari lesioak eragitea egotzita. Halaber, igande goizaldean, 31 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, genero indarkeriarekin lotutako delitu baten ustezko egile gisa.

Lehenengo atxiloketa Zaramaga auzoko etxebizitza batean izan zen. Emakume batek salatu zuen bikotekidearekin eztabaida izan zuela bizikidetza arrazoiengatik, eta hark eraso egin ziola. Emakumearen iloba batek esku hartu behar izan zuen erasoa gelditzeko. Senide horrek eta biktimaren alabak gertaera hori berretsi zuten, eta gizona atxilotu egin zuten.

Bigarren atxiloketa Errekatxiki kalearen eta Santiago etorbidearen elkargunean izan zen; izan ere, salatzailearen arabera, gizon bat emakume bat jipoitzen ari zen kalean. Bertaratu zirenean, poliziak biekin eta lekukoekin elkarrizketatu ziren, eta berretsi egin zuten gizonak lepoan eta aurpegian eraso egin ziola emakumeari. Hori guztia ikusita, atxilotu egin zuten. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago