EH Bildu litzateke alderdi bozkatuena Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 13a

Gasteizko udal soziometroa zabaldu dute gaur. Argazkia: ALEA

Gasteizko udal soziometroaren arabera, Vox zinegotzi batekin sartuko da udalean.

EH Bildu litzateke alderdi bozkatuena hurrengo udal hauteskundeetan eta zortzi zinegotzi lortuko lituzke Gasteizko Udalean, orain baino bat gehiago. Gainerako alderdiekin gaur duen aldea nabarmen handituko du eta bigarren bozkatuenari, PSEri, kasu, bost puntuko aldea aterako dio alderdi abertzaleak.

Gaur zabaldu dira udal soziometroaren azken datuak, eta besteak beste, 2025eko abenduan egindako hauteskunde inkesta jasotzen dute. Udalak abenduaren 1etik 19ra egindako 1.306 inkesta oinarri hartuta egin da azken udal soziometroa.

Inkestak erakusten duenez, abstentzioak gora egingo du hurrengo udal hauteskundeetan, Vox zinegotzi batekin sartuko da aurrenekoz, eta Elkarrekinek zinegotzi bat galduko du eta bakarrarekin geldituko da. Soziometroaren arabera, PSEk aurrekoan lortutako zinegotzien kopurua berdinduko du, sei zinegotzi, baina botoetan bi puntuko jaitsiera izango du. Bestalde, PP laugarren postura jaitsiko da zinegotzi bat galduta, eta EAJk hirugarren postua lortuko du aurreko hauteskundeetako zinegotzi kopurua eta boto portzentajea mantenduz.

Gasteizko Udaleko buruzagi politikoen balorazioari dagokionez, Rocio Vitero da ondoen baloratzen duten zinegotzia, eta batez bestekoaren gainetik dagoen bakarra da, bost punturekin. Jarraian, Oscar Fernandez eta Garbiñe Ruiz (Elkarrekin) eta Cesar Fernandez de Landa Herritarren Segurtasunerako zinegotzia (EAJ) daude. 4,6rekin geratu dira Maider Etxebarria alkatea eta Beatriz Artolazabal alkateordea, eta PPko Iñaki Garcia Calvo 4,3rekin.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago