Musika eta zinema uztartuko ditu Gasteizko Udal Musika Bandak

Anakoz Amenabar 2026ko otsailaren 11

Iker Olazabal, Sonia Diaz de Corcuera eta Josune Velez de Mendizabal, kontzertuaren aurkezpenean. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Josune Velez de Mendizabal aktorearen eskutik, zinemako soinu banda esanguratsuenetatik bidaia egingo dute.

Inauterietako igandearekin batera, otsailaren 15ean, Gasteizko Udal Musika Bandak hitzordu berezia eskainiko du Felix Petite antzokian, 18:00etan. Zinemaren soinua izeneko familia kontzertua izango da, eta Josune Velez de Mendizabal aktorearen laguntza izango du taldeak eszenatokian. Ekimen honen bidez, soinu bandek film bati zentzua eta emozioa emateko duten garrantzia nabarmendu nahi dute, melodia enblematikoenetan barrena bidaia bat proposatuz.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, familientzako kontzertu hau "esperientzia murgiltzailea" izateko diseinatuta dago. Bere esanetan, soinu bandak funtsezko elementuak dira eszenak indartzeko, eta denok ditugu gogoan entzun bezain laster pelikula jakin batera eramaten gaituzten melodiak. 

Iker Olazabalek, kontzertuaren zuzendariak, musikaren botere psikologikoan jarri du arreta. Musikagileek giroak eta pertsonaiak sortzeko erabiltzen dituzten trikimailuak eta bitxikeriak azalduko zaizkio publikoari. Olazabalen hitzetan, kontzertu honek "zinema beste modu batera entzutera" gonbidatzen du ikuslea, pantailan pertsonaia bat agertu aurretik sentitzen diren hotzikarak ez direla kasualitatea irakatsiz, "musikaren magia baizik".

Josune Velez de Mendizabal izango da bidaia horretan gida, familiak bidaia horren parte senti daitezen eta zinemako magia lehen pertsonan bizi dezaten. Aktoreak adierazi duenez, zuzeneko musika eta antzerkia batzea "ametsa" da, eta gozatzeko aukera bikoitza, "bai niretzat eta baita hurbiltzen den publikoarentzat".

Sarrerak dagoeneko salgai daude Antzoki Sarearen webgunean eta turismo bulegoko leihatilan. Data berezia denez, Udalak eta artistek gonbidapen berezia luzatu diote herritarrei: mozorrotuta joatea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago