Talaia Feministak begirada feminista eta subiranista batetik iaz izandako gertakari nagusien azterketa egin du, eta, zehazki, prekarietate prozesua, eskuin muturraren gorakada, erreakzio patriarkalak eta burujabetza aztertu ditu. Egindako lanaren bueltan elkarrizketa ireki, gogoeta egin eta ekarpenak jaso nahi dituzte hilaren 21ean, Gasteizen, Armentia ikastolan egingo duten topaketan.
Talaia Feminista 2022an sortu zuten, Euskal Herriaren eraldaketa feministarako prozesua bultzatzeko. Ordutik urteroko azterketak egiten dabil taldea, "gertakariek emakumeongan eta jendarte feminista eraikitzeko bidean izandako inpaktua jorratuz".
Lehenik, prekarietatea eta prekarietatearen kontrako borrokak aztertuko dituzte, erresistentzia estrategiak, nola eragiten duen prekarietateak eta zer gorputzek zaintzen duten bizitza prekarietatearen aurrean, besteak beste. Eskuin muturraren gorakada eta haien ustetan nazioartean zabaldu den erreakzio patriarkala ere izango dute hizpide, eta horren harira marko feminista antifaxista propio bat garatzeko beharraz mintzatuko dira. Laugarren ardatz moduan eztabaidara eraman nahi dute herrien eta bertako jendearen burujabetza lehian dagoen honetan euskal feminismoak zer esateko duen.
Izen ematea zabalik dute ondorengo loturan: https://erabili.liberaforms.org/talaia-feminista-unea-2026