Espainian erregulazio administratiboa lortu nahi duten pertsonei ustez iruzur egiteagatik 44 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen. Trikimailu horretaz baliatuta, azken bi hilabeteetan gutxienez bost laguni iruzur egitea egotzi dio Ertzaintzak.
Atxilotuak dirua eskatzen zien biktimei, hainbat agiri lortzeko kudeaketa administratiboak egin ahal zizkiela esanez. Segurtasun Sailak esan duenez, ustezko iruzurgileak joko eta apustu aretoetan bilatzen zituen bere biktimak, eta, bertan, Espainian legalki egoteko beharrezkoak dituzten hainbat agiri lortu ahal zizkiela esaten zien. Behin konfiantza lortuta, kontratu pribatuak sinarazi zizkien, eta biktimek dirua aurreratu behar zioten. Azken bi hilabeteotan bost laguni iruzur egin die: horietatik bik dirua aurreratu diote gela edo etxebizitza bat eskuratzeko nahian, eta beste hainbat pertsona atzerriko gidabaimenak Espainian erabili daitezkeen gidabaimenekin homologatzeko bidea eskuratzen ahalegindu dira. Azken aldaera horren kasuan, iruzurgileak autoeskola batekoa zela esaten zien.
Antzeko egoeran zeuden lagunekin hitz egin ostean, biktimetako bat susmatzen hasi da, eta Ertzaintzara jo du egoeraren berri emateko. Atzo arratsaldean egin dute polizia operazioa, atxilotuak 675 euroren truke gidabaimen bat aldatzeko hitzordua jarrita zuenean. Gizonezkoak antzeko delituengatik aurrekariak ditu, eta Ertzaintzak ikerketa zabalik utzi du, biktima gehiago egon diren jakin aldera.