Gasteiz Hegoaldeko auzoetako bizilagunek osasun zentro berriaren obrak berehala hasteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, aste honetan bertan egin duten elkarretaratzean. Osasun zentro berriaren obraren epeak "onartezinak" direla esan dute, izan ere, Osakidetzak iragarri du 2031n hasiko dira pleguak idazten.
Gasteizko hegoaldeko bizilagunak artatzen dituen gaurko osasun zentroak gabezia larriak dituela deitoratu dute: "zaharkitutako instalazioak, espazio falta eta zerbitzua ematen dien herritarren premiekin bat datorren kalitatezko osasun arreta eskaintzea eragozten duten egiturazko mugak".
Gainera Olarizuko zentroak haurren eta adinekoen presentzia handia duen eremua artatzen duela esan dute elkarteek, eta horrek medikuentzat eta erizainentzat lan zama handiagoa ekartzen duela, "eta osasun zerbitzuen eskaria gero eta handiagoa izango dela".
Txosten teknikoa
Azaldutako gabezia horiek ikusirik eta eskaerak behar bezala zerrendatzeko asmoarekin iragan ekainean Adurtzakoak, Gure Batan, Guztion Goikolarra eta Hegoaldekoak auzo elkarteek Osasun Publikoa Aurrera elkartearekin batera, txosten tekniko bat egin zuten, egungo zentroaren mugak zehaztuz eta egungo eta etorkizuneko beharretara zabaltzeko edo egokitzeko ezintasuna azalduz.
Dokumentu horretan jasotzen da osasun zentro berri bat eraikitzea premiazko beharra dela irisgarria eta hazteko gaitasuna duena "artatu behar duen biztanleriari dagokionez, zein emanen duen zerbitzuei dagokionez (ginekologia, errehabilitazioa, osasun mentala, etabar)".