Martxoaren 3ko biktimen elkarteak Amets berriak izeneko ereserki berria aurkeztu du gaur, 1976an Gasteizen hil zituzten langileen memoria omentzeko helburuarekin. Karmele Jaio idazleak idatzitako hitzei Idoia Asurmendi abeslari arabarrak jarri die ahotsa, sarraskiaren 50. urteurrenaren atarian.
Kanta honekin, urteurrenarekin bat egiten duen sinbolismoa lortu nahi izan dute, jada 50 baitira hamarkada hauetan guztietan gertakari haiek gogoratzeko sortu diren abestiak. Dagoeneko entzungai dago YouTuben abestiaren hiru minutuko bertsioa, baina elkarteak bertsio luzeago eta dotoreago bat ere prestatu du, sei minutukoa, koru eta hari-instrumentuekin aberastua.
Bigarren bertsio hau formatu fisikoan soilik egongo da eskuragarri, elkarteak urteurren honetarako propio editatuko duen binilo berezi baten bitartez. Biniloak balio estetiko eta historiko handia izango du, alde batean kanta berria jasoko baitu eta bestean Lluis Llachen Campanades a morts kanta historikoa. Diskoa jada erreserbatu daiteke 25 euroan serigrafia.eus webgunean, eta erosketarekin batera Angel Hellan artista gasteiztarrak diseinatutako poltsa bat jasoko dute herritarrek.