indarkeria matxista

Genero indarkeria leporatuta, hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen asteburuan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 3a

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: ALEA

Udaltzaingoak hiru atxiloketa egin ditu azken orduetan, indarkeria matxistarekin lotutako erasoengatik.

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu asteburuan indarkeria matxistarekin lotutako hainbat gertakariren ondorioz, bikotekideei edo bikotekide ohiei eraso egitea egotzita. Kasu guztietan emakumezkoek zauriak zituzten. Ustezko erasotzaileak epailearen esku utzi dituzte.

Lehenengo atxiloketa larunbatean eguerdian egin zuten Sansomendi auzoan. 50 urteko gizon bat atxilotu zuten bikotekideari lesioak eragitea leporatuta. Udaltzaingoaren patruila bat etxebizitza batera joan zen, gizon batek bere emazteak heriotzarekin mehatxatu zuela salatu ondoren. Alta, etxebizitara iritsi zirenean udaltzainek ohartu ziren gizonak emakumeari eraso egin ziola, eta emakumeak zituen lesioak ikusita, gizona atxilotu zuten.

Bigarren gertakaria igande arratsaldean izan zen Aranbizkarra kalean. 43 urteko gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohiari egindako erasoagatik eta urruntze-agindua hausteagatik. 092 zenbakira egindako dei batek kalean emakume bat erasotzen ari zirela ohartarazi zuen. Udaltzaingoak emakumea lurrean etzanda aurkitu zuen, negarrez. Ikerketan egiaztatu zen gizonak urruntze agindua zuela emakumearengana ez hurbiltzeko. Gainera, emakumea defenditzen saiatu zen lagun batek ere lesioak izan zituen.

Hirugarren atxiloketa igande gauean izan zen, 21:00ak aldera. Udaltzaingoari jakinarazi zioten hiru pertsona mozkortuta zeudela eta ibilgailu bat hartzeko asmoa zutela. Lekura iritsitakoan, agenteek jende-pilaketa bat eta gizon bat atxikita ikusi zituzten. Lekukoen arabera, gizon batek emakume bat ibilgailutik indarrez atera eta lurrera bota zuen, ondoren irainak botaz eta bortxaz eramaten saiatuz. Bikotea zirela egiaztatu zuten poliziek eta emakumeak zituen lesioak ikusita, 43 urteko gizona atxilotu zuten indarkeria matxistako lesio delitu batengatik.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago