Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas euskarazko pelikula izan da garailea Gasteizko Zinemastean, euskal zinemaren jaialdian. Epaimahaiak film onenaren saria eman dio adineko gizon homosexual baten istorio honi, "film biribila" dela azpimarratuz.
Gainera, zuzendaritza onenaren saria jaso dute Goenagak eta Arregik, eta gizonezko interpretazio onenarena Jose Ramon Soroizek. "Arriskuak hartu dituen film honek lotsarik gabe hitz egiten digu gai interesgarria bezain ezezagun den hirugarren adineko homosexualitateari buruz, hura bizitzeko askatasuna eta giro jakin batzuetan gertatzen diren zapalkuntza nahiz marjinalitatea”, nabarmendu du epaimahaiak.
Beste hainbat sari ere banatu dituzte. Gidoi onenaren saria Alberto Vazquezek eta Francesc Xavier Manuel Ruizek jaso dute Decorado lanagatik, eta emakumezko interpretazio onenaren saria Olaia Aguayorentzat izan da Jone, batzuetan filmean egindako lanagatik. Bestalde, Nagore Aranburuk aktore taldeko interpretazio onenaren saria eraman du Los domingos filmarekin, eta Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik jatorrizko soinu banda onenarena Gaua pelikulan egindako lanagatik.
Publikoak banatzen dituen sarien artean, Sara Fantovaren Jone, batzuetan aukeratu dute. Ohorezko saria, berriz, Miguel Garces aktoreak jaso du; Vital Fundazioak Gutako Bat aitortza eman dio euskal zinemagintzari egindako ekarpen zabal eta baliotsuagatik. Ekitaldi berean, Gaizka Urrestiren Eloy de la Iglesia, adicto al cine dokumentala ere saritu dute, aurreko urrian egindako Dokumentalaren Asteko garaile gisa.
Guztira, 2.600 ikusle baino gehiago hurbildu dira Zinemastean euskal ekoizpenez gozatzera, Vital Fundaziotik nabarmendu dutenez. Antolatzaileen esanetan, aurtengo hitzordua euskal zinemaren kalitate tekniko eta artistikoaren "isla fidela" izan da, lau hamarkadako ibilbidean lortutako "nortasun propioa" berretsiz.