'Rent to rent' alokairu enpresa bat baimenik gabe zabaldu dute Judimendin

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 2a

Judimendikoak auzo elkarteak zabaldu zuen lehen salaketa. Argazkia: Batuta

Judimendikoak auzo elkartetik enpresa hauen negozio espekulatzailea eta "klausula itogarriak" salatu dituzte. Gasteizko Udalak aitortu du enpresak ez duela jarduera baimenik, eta erregularizatu ezean itxiarazi egingo dutela aurreratu du.

Bi aste dira Judimendikoak auzo elkarteak salatu zuela 'Rent to rent' enpresa bat zabaldu dutela Gasteizko Judimendi auzoan. Mota honetako alokairu enpresek etxebizitzak alokatzen dituzte, eta gelaka antolatu ohi dituzte gerora, berriz ere alokatu eta "irabazi gehiago ateratzeko". Salatu dutenez, "alokairu abusiboak" ezartzen dizkiete bizilagunei.

Gasteizko Udaleko Hirigintza zinegotziak, Borja Rodriguezek jakinarazi du enpresa ikertu dutela, eta hainbat irregulartasun atzeman. Obrak baimenik gabe egin dituztela ikusi dute, eta enpresak berak ere ez duela jarduera baimenik. Udalak hamar egun eman dizkio 'Rent to rent' enpresari egoera erregularizatzeko, eta bestela ixtera behartuko dutela jakinarazi dute.

Auzokideentzako kalteak

Judimendikoak auzo elkartetik salatu dute enpresen asmoa etekinak areagotzea izaten dela, etxe jabeei segurtasuna ematearekin batera. Salatu dutenez, segurtasun faltaren eta okupazioaren "diskurtso oportunistak" zabaltzen dituzte enpresok, "negozioa egin eta prekarietatea sustatzeko".

Hainbat ezaugarri salatu dituzte auzokideek: gelakako kontratuak, klausula itogarriak, zorroztasuna ordainketen epeekin, fidantzen kudeaketa inpertsonal eta abusiboa, legez kanpoko etxegabetze saiakerak, egongelak eta bestelako eremu komunak logela bihurtzea, bisita kopurua mugatu eta murriztea,…

Praktika horiekin, salatu dutenez, alokairuaren prezioak igo egiten dira, eta eskuragarri dauden etxebizitzak murriztu. Espekulazioa sustatzea eta bizilekuen kalitatea degradatzea ere leporatu diete auzo elkartetik, emantzipazioa zaildu eta komunitateetako gatazkak larriagotzen dituztelakoan. "Etxebizitza eskubideari kalte egiten dio, desberdintasun sozialak indartzen".

Lehendik ere larria den egoera kaltetzera datorrela salatu dute Judimendikoak taldetik. Izan ere, gogorarazi dute 18 eta 30 urte arteko gazteen %76k gurasoekin bizitzen jarraitzen duela, "askok emantzipatu nahi duten arrean", baina alokairuen prezioak ordainezinak direla. Higiezin enpresek eta etxe jabeek jartzen dituzten filtro arrazistak ere salatu dituzte, etxebizitza eskuratzea "ia ezinezko" bilakatzen dutenak.

Udalaren esku hartzea

Etxebizitza lortzeko zailtasunak mahai gainean dauden honetan, Rodriguez zinegotziak adierazi du negozioa ez dela bere "gustukoa", eta oposizioaren hausnarketekin bat egiten duela, baina Hirigintza arduradun bezala jokatu behar duela nabarmendu du, eta udalak legezko epeak bete behar dituela.

Benito Ginea eta Cola y Goiti kaleen artean dago 'Rent to rent' enpresa berria Judimendin. Udaletik jakinarazi dute ez daukala lehen jarduera abiatzeko baimena, eta obrak lizentziarik gabe egin dituela. Hamar eguneko epea du orain enpresak bere egoera erregularizatzeko, beharrezko agiri guztiak aurkezteko, eta udaletik ohartarazi dute adi egongo direla, eta ez betetzekotan itxi egingo dutela enpresa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago