Gasteizko hondakin organikoen bilketa %20 hazi da 2025ean

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 30a

Alde Zaharrean eman da hazkunderik handiena. Argazkia. Gasteizko Udala

Ekainera bitarte, birziklatze ohiturak hobetzeko saioak izango dira sei auzotan.

Gasteizko hondakin organikoen bilketa %20 handitu da 2025ean, aurreko urteko datuekin alderatuta. Maider Etxebarria alkateak jakinarazi duenez, guztira 5.138 tona jaso dira, 2024ko 4.274 tonak nabarmen gaindituz. Igoera hori hirian martxan dauden sistema ezberdinei esker lortu dela gogoratu du alkateak: edukiontzi marroiak, bilketa pneumatikoa eta ekoizle handientzako (denda eta ikastetxeak) atez ateko zerbitzua.

Udalaren arabera, datu positibo hauen arrazoi nagusiak "herritarren kontzientziazioa" eta zabor-tasan ezarritako "hobariak" dira. Hobari horiek edukiontzi marroia eta aho pneumatikoak erabiltzen dituzten bizilagunei aplikatzen zaizkie. Gainera, irekiera kopuruak gora egin du auzo guztietan, 1,9 milioitik 3,2 milioira pasatuz; hazkunderik handiena Alde Zaharrean eman da, %190eko igoerarekin.

Joera horri eusteko, Udalak 1,3 milioi poltsa konpostagarri doan banatzen jarraituko duela iragarri du. Dagoeneko enpresa hornitzailearekin kontratu berria adostu dute eta, ekoizpen prozesua amaitu bezain laster, herritarren artean banatuko dituzte, aurreko kanpainetan erabilitako sistema bera jarraituz.

Organikoaz gain, ontzien (5,9 milioi kilo), paperaren (8,4 milioi) eta beiraren (6 milioi) datuak ere esanguratsuak izan dira. Gainera, alkateak proiektu pilotu bat iragarri du birziklatze ohiturak hobetzeko sei auzotan: Adurtza, Goikolarra, San Martin, Koroatzea, Zabalgana eta Santa Luzia. Ekainera arte, informazio saioak eta tailerrak egingo dituzte edukiontzien aurrean, eta bizilagunek Jundizeko birziklatze instalazioak bisitatzeko aukera ere izango dute, prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago