indarkeria matxista

Hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, sexu erasoak eta eraso fisikoak leporatuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 30a

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: ALEA

Azken orduetan, Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu indarkeria matxistarekin lotutako hiru gertakari larri direla eta. Guztiek ikerketapean jarraitzen dute.

Gasteizko Udaltzaingoak Babesgabetuen auzoko etxebizitza batean gertatzen ari zen sexu eraso baten abisua jaso du gaur goizaldean. Salatzaileek azaldu dutenez, 39 urteko gizon bat bere etxekideari sexu erasoa egiten ikusi dute, emakumea konorterik gabe zegoela. Ustezko erasotzaileak ihes egin du hasieran, baina Judimendi auzoko atari batean aurkitu eta atxilotu du poliziak, lekukoek identifikatu ostean.

Beste bi atxiloketak El Pilar auzoan gertatu dira ostegun arratsaldean. Lehenengoa 16:15 inguruan jazo zen. Segurtasun lanetan zebilen patruila batek jakinarazpena jaso zuen lonja batera joateko, emakume batek bere bikotekidearengandik ihes egin zuela adierazi baitzuen. Poliziekin hitz egin ondoren, emakumeak azaldu zuen eztabaida baten ostean bikotekideak sexu erasoa eta eraso fisikoak egin zizkiola. Biktimak zituen lesioak ikusita, eta bi aldeetako adierazpenak jaso ondoren, 21 urteko gizona atxilotu zuten indarkeria matxistako lesio-delitu baten ustezko egile gisa.

Bigarren atxiloketa 18:00ak baino lehen jazo da. 092 zenbakira egindako dei batek Udaltzaingoaren esku-hartzea eskatu zuen etxebizitza batean. Bertan, emakume batek salatu zuen bere bikotekideak fisikoki eraso egin ziola eztabaida baten ondoren. Gertakaria etxebizitzan zegoen lekuko batek baieztatu zuen. Ustezko erasotzaileak, 48 urteko gizonak, etxetik alde egin zuen hasieran, baina 19:30 aldera Agirrelandako polizia etxean aurkeztu zen, eta atxilotu egin zuten.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago