Artium museoak AMA ikasketa zentroa aurkeztu du, arte garaikidea aztertzeko eta hausnarketa kritikoa bultzatzeko plataforma. Artiumeko lantaldeko kide Carolina Lozano eta Arantza Santestebanek azaldu dutenez, gune honek praktika artistikoak eta ezagutzaren ekoizpena uztartuko ditu, museoaren bilduma eta erakusketekin elkarrizketa zuzena sortuz.
2026an zehar, zentroak tokiko zein nazioarteko ikertzaile, artista eta erakunde akademikoekin osatutako lankidetza sarea aktibatuko du, jakintza partekatuak zabaltzeko asmoz. Urteko programa hiru ikerketa ildo nagusitan egituratuko da: memoria eta irudia, bizikidetza ereduak, eta ekoizpen artistikoaren prozesu kritikoak.
Lehenengo blokean, urtarriletik martxora, irudiek iraganaren kontakizunean duten eragina aztertuko dute Marwa Arsanios edo Françoise Verges bezalako adituek. Udaberrian, Arlo komuna bizitzea ildoak zaintzaren politiketan jarriko du arreta, eta udazkenean, idazketa eta kritika tresnak jorratuko dira, Trama ekimenarekin eta Huarte Zentroarekin elkarlanean. Jarduera hauek formatu ezberdinetan garatuko dira, hala nola mintegiak, tailerrak eta saio komisariatuak.
Helburua ez da soilik teoria lantzea, esan dutenez, baizik eta gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko "etorkizun desiragarriak" irudikatzea. Horretarako, zentroak museoaren artxiboa aktibatuko du, memoria politikoa eta irudimen kolektiboa eraikitzeko tresna gisa erabiliz, betiere elkarrizketa ireki eta disruptibo baten bila. Saio gehienak irekiak izango dira, aforoa bete arte, baina tailerretan parte hartzeko motibazio gutun bat bidali beharko da (ikasketazentroa@artium.eus).
Ikasketa zentroaren lehen programa asteburu honetan egingo da, Marwa Arsanios (Washington, 1978) artista libanoarraren Lurrak ez du jaberik izango erakusketarekin loturik. Arsaniosez gain, Nader Koochaki (Donostia, 1983) eta Kimia Kamvari (Colonia, 1986) artistek, Paisanaje kolektiboak, Leire Vergara (Bilbo, 1973) komisarioak eta Françoise Verges (Paris, 1952) idazle eta teorialari feministak parte hartuko dute bertan.
Martxoak 3
Bigarren proposamenak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariak berreskuratzea proposatuko du, 50. urteurrenaren harira. Memoriaren formei buruzko hausnarketa kolektiborako espazio bat erraztu nahi dute, antolatzaileek azaldu dutenez. Memoria hori arlo materialean —objektuak, artxiboak, euskarriak— nahiz immaterialean —hainbat belaunaldiren oroimenean bizirik dirauten gertakari haiei lotutako oroitzapenak— adierazten da.
Memoriaren taupadak: memoriaren euskarriak otsailaren 26tik 28ra bitartean egingo dute, eta bertan memoria hori gaur egun nola berpizten den aztertuko dute, 1976ko gertakariak kolektibo batzuen eta besteen ikuspegiekin elkarrizketan jarriz. Horretarako, memoriaren politiketan oinarritutako hitzaldi eta lantegi programa bat antolatuko dute; parte hartzaileak honako hauek izango dira, besteak beste: Carolina Cappa ikus-entzunezko artxibozain eta irakaslea (Buenos Aires, Argentina, 1982), German Labrador (Vigo, 1980) eta Paco Ferrandiz (Oviedo, 1963) CSICeko ikertzaileak, Maria Roson Artearen Historian doktorea (Madril, 1981), Martxoaren 3ko Biktimen eta Biktimen Senideen Martxoak 3 Elkartea, eta Nerea Lekuona artista (Gasteiz, 1976).