Olaia Inziarte, Izaki Gardenak eta Nhil izango dira 'M3moria Zuzenean' jaialdian

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 28a

Izaki Gardenak taldea San Frantzisko Asis elizan, 'Herio' abestiko bideoklipean. Argazkia: Izaki Gardenak

Martxoak 3 elkarteak jaialdia antolatu du Jimmy Jazzen martxoaren 13an. Azken 50 urteetan M3ko sarraskiak musikan izan duen oihartzuna goraipatu nahi izan dute.

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena dela eta, Jimmy Jazz aretoak kontzertu berezia hartuko du martxoaren 13an. M3moria Zuzenean jaialdiaren barruan, Olaia Inziarte, Izaki Gardenak eta Nhil igoko dira agertokira, Martxoak 3 elkarteak antolatutako egitarau zabalaren baitan. Sarrerak urtarrilaren 29an jarriko dira salgai, ostegunez, 20 euroko prezioan. Emanaldia amaitutakoan, Beat Artean taldeak biniloak jarriko ditu areto berean.

1976ko martxoaren 3ko gertakariek musikan izan duten oihartzuna ez da makala. Lluis Llachek Campanades a mort konposatu zuenetik, gutxienez 40 abesti sortu dira sarraskia ardatz hartuta. Horregatik, Martxoak 3 elkarteak musika ere protagonista izatea nahi izan du urteurren honetan.

Olaia Inziarte Nafarroako Oronoz herrikoa da, eta 2022an ekin zion bakarkako ibilbideari Lehengo Lepotikan Burua diskoarekin. Bi urte geroago, Zerrautsa lana argitaratu zuen, bere estilo pertsonala sendotuz eta eszenan erreferente bihurtuz.

Izaki Gardenak 2012an sortu zen Jon Basagurenen abestiei forma emateko. Urte berean kaleratu zuten Itsasargiak EP-a, eta ordutik hiru disko eta hainbat single plazaratu dituzte. Azken lanak Herio kantua jaso du, martxoaren 3ko sarraskiari erreferentzia zuzena egiten dion blues moduko pieza, gertakarien eszenatoki berean, hartualdi bakarrean eta zuzenean grabatua.

Aretxabaletan sortutako Nhil 2017 amaieran agertu zen lehen aldiz, pop, soul eta funk doinu finduen aldeko proposamenarekin. 2020an lehen lana kaleratu zuten, eta bi urte geroago Bizi Bagina Bezala diskoa aurkeztu zuten, Mikel Etxaburu, Lide Hernando eta Joseba Aparicio bezalako kolaboratzaileekin. Taldea itzuli berria da Etxea izeneko lan berriarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago