Gasteizko Liburutegien Udal Sareak jarduera programa berria aurkeztu du, irakurzaletasuna sustatzeko eta kultura herritar guztiengana hurbiltzeko asmoz. Otsailetik maiatzera bitartean, gizarte etxeetako liburutegiek 69 ekimen hartuko dituzte, adin eta gustu guztietarako pentsatuak.
Programaren erdia baino gehiago haurrei eta familiei zuzenduta dago, 35 jarduera guztira. Ipuin kontaketak, antzezlan txikiak, haurtxoentzako kontzertuak eta tailer sortak izango dira protagonista. Esaterako, Izarren bidaiariak, kupula osoko proiekzioa duen planetario ibiltariaz gozatzeko aukera izango da, edota Kokedamak, Japoniako arte tradizionala lantzeko familia tailerra. Martxoaren 8a elkarrekin partekatzeko eskaintza ere antolatu dute, belaunaldi arteko topaketa, kakorratzaren bidez.
Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcueraren hitzetan, helburua da "txikitatik irakurketa sustatzea, literaturara hurbiltzea eta ohitura sortzea", eta aldi berean balioak lantzea: naturarekiko errespetua, aniztasuna, berdintasuna edo zainketen garrantzia, besteak beste.
Heldu eta gazteek ere programazio zabala izango dute, 34 jarduera antolatu dituzte haiengan pentsatuz: liburu aurkezpenak, literatur topaketak, mahainguruak, poesia eta flamenko errezitaldiak, antzerkia, musika, magia, bakarrizketak eta baita txokolate dastaketa ere.
Eskaintza berezien artean daude Idazteaz beste literatur topaketak, euskal literaturarako gune propioa sortu asmo dutenak eta genero berrietara zabaltzen direnak. Mikel Ayerbe irakasle eta literatur kritikariak gidatuko du ekimena. Denboraldian zehar zazpi aurkezpen egingo dira, egile ezagun zein berriekin:
Otsailak 10: Paula Jimenez de Jubera – Habigabeak (Arana)
Otsailak 11: Jon Azkueta – Las trece caracolas (Ibaiondo)
Otsailak 12: Paula Lucia Lopez‑Villalta – Tras las huellas de Darwin y Pizarro… (Pilar)
Otsailak 18: Ane Uriarte – Toda la vida (Arriaga)
Otsailak 19: Izaninurri – (Min)Bizi (euskaraz, Aldabe)
Martxoak 11: Espacio Punto de Fuga – 10 mujeres que pusieron a bailar al mundo (Lakua)
Apirilak 17: Antonio Manuel – Flamenco. Arqueología de lo jondo (Zabalgana)