Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, genero indarkeria leporatuta

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 27a

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa. Argazkia: ALEA

Mehatxu eta eraso egiteagatik atxilotu dituzte Koroatze eta Zabalgana auzoetan.

Udaltzaingoak bi gizonezko atxilotu zituen atzo arratsaldean Gasteizen, euren bikotekideei eraso egitea eta mehatxu egitea egotzita. Lehenengo atxiloketa Zabalgana auzoan gertatu zen, 16:00ak pasatxo zirenean, emakume batek laguntza eske 092 zenbakira deitu ostean. Biktimak bere senarrak etxean eraso egin ziola salatu zuen, eta udaltzainak bertaratu zirenean, 58 urteko gizonezkoak mehatxu egin zion emakumeari agenteen aurrean; ondorioz, berehala atxilotu zuten.

Handik ordubete eskasera, bigarren eraso bat jazo zen Koroatze auzoan. Kasu honetan, lekuko baten deiak ohartarazi zuen Polizia: 39 urteko gizon bat emakume bati eraso egiten ari zen etxebizitza batean. Agenteak iritsi zirenean, lekukoarekin, biktimarekin eta ustezko erasotzailearekin hitz egin zuten gertatutakoa argitzeko. Alde guztien adierazpenak jaso ondoren, poliziek gizona atxilotu zuten genero indarkeria delitua egotzita.

Atxilotuek epailearen aurrean deklaratu beharko dute datozen orduetan. 

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago