Gasteizko Udalaren jabetzakoak diren arrapala eta eskailera mekaniko zein igogailuen mantentzearen ardura izan duen Schindler enpresari 500.000 euro inguruko kalte ordaina eskatuko dio, zerbitzuan izan diren kalteengatik. Udalak gaur ezagutzera eman duenez, enpresarekin sinatuta zuen kontratuak ezartzen zuen enpresak bermatu behar zuela azpiegitura horien "behar bezalako" funtzionamendua, baina, udalaren arabera, ez da horrela izan. Hortaz, espedientea abiatu du enpresaren kontra.
"Hilabeteetan zehar etengabe matxurak, geldialdi luzeak eta mantentze falta gertatu ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen milaka bizilagunengan", argudiatu du udalak. Orain arte erakunde publikoak 47.000 eurotik gorako isunak jarri dizkio Schindlerri, hileko fakturetatik dirua kenduz. Baina orain ezagutaraziko auditoria batek azalerazi du instalazioetan "narriadura azkarra" gertatu zela, "egoera txarrean zeuden osagaiekin eta erabiltzaileentzat arriskutsuak ere izan zitezkeen gabeziekin".
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziaren arabera, "enpresak hasiera-hasieratik zekien hau ez zela doan aterako". Zinegotziak esan du herritarrentzako ondorioak "oso larriak" izan direla, eta egoera ez dela "onargarria".