Martxoaren 3ko urteurrenaren harira 'Inor ez' film laburra ondu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 26a

Otsailaren 11n aurkeztuko dute jendaurrean 'Inor ez'. Argazkia: MARTXOAK 3 ELKARTEA

Gidoiaren jatorrizko ideia Eloi Beatorena da. Gertakarien zigorgabetasuna salatzeko asmoarekin egin dute filma.

Martxoaren 3ko gertakarien zigorgabetasuna salatzeko film laburra aurkeztu dute gaur, 50. urtemuga dela eta antolatutako ekitaldien artean. Inor ez fikziozko film laburraren atzean Eloi Beato dago. Halaber, Rafa Martin, Haizea Alonso, Josean de Miguel, Ander Beato eta Maddi Gabilondo aritu dira aktore lanetan; Aitor Lopez de Aberasturi arduratu da kameraz; Marieta Colomo, soinuaz, eta Koldo Uriarte, musikaz. Gasteizko Sonora Estudios ekoiztetxea arduratu da ekoizpenaz.

Martxoak 3 elkarteak finantzatu du proiektua, eta, azaldu dutenez, otsailaren 11n aurkeztuko dute jendaurrean, Gasteizko Arkabia aretoan. Sarrera doakoa da, baina urtarrilaren 27tik aurrera Zuloa liburu dendan gonbidapenak hartu beharko dira.

Gasteizen grabatu dute pelikula, euskaraz eta gazteleraz, eta hogei minutuko iraupena du. Azaldu dutenez, bi egunetan filmatu zuten lana, joan den udaren amaieran, "baliabide gutxirekin baina maitasun handiarekin talde osoaren aldetik".

Lanak dokumental baten making-off  itxura du, eta honako hau da istorioaren ardatza: ekoiztetxe txiki bat Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrenari buruzko dokumental bat prestatzen ari da. Horretan ari direla, garai hartako Espainiako Poliziako kide bati elkarrizketa egitea bururatzen zaie ekoizleei, eta hori lortzeko prozesua da kontakizunaren ardatza.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago