Natura eta zientzia, Umbra Light jaialdian protagonista

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 26a

35 metroko tunelean sartuko du bisitaria 'Beyond' instalazioak. Argazkia:

Besteak beste, katedral berrira, Koroatzearen elizara eta San Martin auzora helduko da aurten argien ikuskizuna.

Batzen gaituen argia lelo, bosgarrenez antolatu dute Umbra Light jaialdia Gasteizen. Otsailaren 6tik 8ra, 19 obra eta instalazio izango dira eraikinen fatxadetan, barrualdeetan eta espazio irekietan, eta, gainera, ibilbidea gune berrietara zabalduko dute aurten.

Ibilbidearen elementu nagusiak Alde Zaharra eta zabalgunea izango dira berriz ere, eta Plaza Berria, Probintzia plaza, Falerina lorategia eta Santa Maria katedrala bezalako agertokiak lotzeko aukera izango du. Barrualdeko espazioen artean, berriz, Europa biltzar jauregia, Arte eta Lanbide Eskola eta Arkabia ere batuko dira jaialdira.

Aurten, naturak eta zientziak pisu handia izango dute: erleen mundua, mizelioaren lurpeko sareak eta eguzki behaketa aztertuko dituzte hainbat instalaziok Arte Ederren Museoan edo Artiumen. Gainera, giza konexioa eta lankidetza sustatuko dituen Embrace lana bezalako proposamen interaktiboek publikoaren parte hartzea bilatuko dute, argia elementu estruktural eta emozional gisa erabiliz.

Bestalde, esperientzia sentsorialek eta geometria jokoek hartuko dituzte jaialdiko ibilbideak. 1.3 seconds obrak Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia irudikatuko du Santa Maria katedralean, eta Beyond instalazioak 35 metroko tunel murgiltzailea eskainiko du Europa jauregian. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago