Gasteizko Udaltzaingoak patinete elektrikoen kontrol kanpaina abiatuko du astelehenean

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 23a

Lehen aldiz, patinete elektrikoak soilik kontrolatuko dituzte kanpainan. Argazkia: ALEA

Asegurua beharrezkoa da, baina oraindik ez da zigorrik jarriko. Otsailaren 15a arte patinete elektrikoekin lotutako bestelako arauak betetzen direla ere egiaztatuko dute udaltzainek, hiri osoan zehar.

Gasteizko Udaltzaingoak patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina berezi bat jarriko du martxan datorren astelehenean, urtarrilaren 26an. Lehen aldiz, ibilgailu pertsonal hauetara soilik bideratutako ekimena izango da, bizikletak ez dira kanpainan sartuko. Otsailaren 15era arte luzatuko da kanpaina.

Kanpainaren helburua da hirian patinete elektrikoen erabilerak sortzen dituen arriskuak murriztea, eta elkarbizitza hobetzea oinezkoen, txirrindularien eta gainerako erabiltzaileen artean. Horretarako, udaltzainek kontrol estatikoak egingo dituzte jende pilaketa handiena duten guneetan, eta zaintza dinamikoa gainerako eremuetan.

Kontroletan, patinete elektrikoek ezarritako ezaugarri teknikoak betetzen ote dituzten egiaztatuko da, eta, bereziki, asegurua dutela. Izan ere, urtarrilaren 2tik indarrean dagoen 5/2025 Legeak derrigorrezkotzat jotzen du ibilgailu pertsonal arinentzako asegurua. Hala ere, derrigortasun hori ez da oraindik erabat aplikagarria, DGTk oraindik ez baitu martxan jarri aseguratutako ibilgailuen erregistroa. Ondorioz, gaur-gaurkoz asegururik ez edukitzea ez da zigortuko, patineteak ez baditu 25 kilo baino gehiago pisatzen eta ez badu 14 km/h baino abiadura handiagoa, azken kasu honetan beharrezkoa baita jadanik. 

Udaltzaingoak, beraz, herritarrei asegurua beharko dutela gogoraraziko die oraingoz. Aurreko kanpainetan bezala, beste alderdi batzuk ere kontrolatuko ditu, besteak beste, patinetea erabiltzeko gutxieneko adina 15 urtekoa dela, zirkulazio eremu baimenduak errespetatzen ote diren edo argiztapen eta ikusgarritasun baldintzak betetzen ote dituzten.

25 km orduko da gehienezko abiadura patineteentzat, eta debekatua dago musika entzungailuekin edo telefono mugikorra erabiliz joatea. Kaskoa erabiltzea ere beharrezkoa da.

Istripuak gutxitzea da kanpainaren helburua, Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak azaldu duenez. Kanpaina hiri osoan garatuko da, eta arreta berezia jarriko da patinete elektrikoen zirkulazioa ohikoa den guneetan eta oinezkoen joan-etorri handiko espazioetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago