Martxoaren 3ko urteurrenaren harira egitarau propioa diseinatu du LABek, eta horren berri eman du gaur Igor Arroyo koordinatzaileak. Dena aldatu nahi genuen, dena aldatu nahi dugu lemarekin, martxoaren 3an bertan ekitaldi nazionala egingo du sindikatuak Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta ondoren mobilizazioa eginen dute.
Ekitaldi nazionalean Gasteizko sarraskiaren oroimenari eutsi dioten kideen lana aitortuko du LABek. Arroyoren arabera, "ekinaren ekinez, Martxoaren 3ko oroitzapenak aitortza instituzionala lortu du, baina urte luzez LABeko militanteek eutsi izan diote egia, justizia eta erreparazioaren aldarriari. Harro gaude gure kideek egindako lanaz", esan du.
Gainera, beste sindikatuekin eta M3 elkartearekin batera Martxoaren 3an arratsaldez egin ohi den manifestazioan parte hartuko du sindikatuak.
Arroyok nabarmendu duenez, ondasunaren banaketaren aldarria zegoen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen deitutako greba orokorraren muinean eta aldarri bera dago, halaber, martxoaren 17rako Hego Euskal Herri osoan deitutako greba orokorrean: "Martxoaren 17a mugarria izango da, bai estrategikoa den gutxieneko soldata propioa eskuratzeko, baita euskal sindikalismo eraldatzaileari bultzada emateko ere. Langileak desjabetu eta sindikalismoa desaktibatu nahi dituen patronalari eta alderdi sistemikoei tamainako erantzuna emango diegu", esan du.
Ekitaldi nazionalaz harago, otsailetik apirilera LABek erakusketa bat antolatu du Gasteizko Zaramaga auzoko egoitzan eta hainbat solasaldi egingo ditu apirilera bitartean etxebizitza, industriaren egoera eta feminismoa ardatz hartuta.