Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du etxejabe batek Desokupacion Legal enpresa bidali duela adingabe bat duen familia bat botatzera, Artium inguruan. Sindikatuaren arabera, etxebizitzaren jabeak ezin du familia legez kaleratu, "iruzur egoera batean dagoelako", eta horregatik baliatu du enpresa hau "familia kikildu eta etxebizitza uztera behartzeko".
Sindikatuak azaldu du familiak joan den astean jaso zuela enpresaren lehen bisita, eta ohartarazi du gehiago egongo direla. Hala ere, argi utzi dute ez direla bakarrik egongo. "Antolatuta gaude, eta berriz etortzen badira, aurrean izango gaituzte". Azpimarratu dute, gainera, antolakundeak eta auzokideek esku hartu duten kasuetan desokupazio enpresek ez dutela lortu familiak kaleratzea, joan den astean Bizkaian gertatu bezala.
Izan ere, ohartarazi dute azken astean lau esku hartze egin dituztela desokupazio enpresek Hego Euskal Herrian, eta "inpunitate osoz" jarduten dutela, poliziaren eta Estatuaren babesarekin batetik, eta hedabide eta sare sozialen anplifikazioarekin. Etxebizitza Sindikatuak gogor kritikatu du enpresa mota hauen jarduna, familien egoera zaurgarriaz baliatzen direlakoan. "Faxismoaren eta diskurtso antiprolerarioen aurrelari" direla salatu dute, eta langile klasearen kriminalizazioa eta familia langileen aurkako praktikak normalizatzen dituztela.
Egoera honen aurrean, antolakundeak dei egin die antzeko egoeran dauden pertsonei Sindikatura hurbiltzeko. Gainera, larrialdi telefono bat jarri dute martxan, 632 73 72 28, eta herritarrei laguntza eskatu diete: "Desokupak gertu ikusten badituzu, deitu Sindikatura".
Faxismoaren gorakada salatuz, Etxebizitza Sindikatuak premiazkotzat jo du erantzun irmoa ematea "bai esparru ideologikoan, bai gure hirietako auzo eta kaleetan". Horregatik, deia egin dute urtarrilaren 31n Bilbon egingo den faxismoaren eta Estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioan parte hartzeko.