U12ko auziperatuek absoluzioa exijitu dute

Ekaitz Anda 2026ko urtarrilaren 20a

Elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren plazan auzia ixtea eskatzeko.

Joan den urriaren 12an Gasteizen izandako gertakarien ondorioz auziperatutako pertsonek prozesu judizialaren hasiera salatu dute. Egun hartan, Falange Española de las JONS alderdiak egindako elkarretaratzearen aurka ehunka antifaxista atera ziren kalera, eta Ertzaintzaren esku hartzeak 19 atxilotu eta hamarnaka zauritu utzi zituen.

Gaur hasi dira lehen deklarazioak epaitegietan, eta datozen hilabeteetan pertsona gehiago deituko dituzte inputatu gisa. Auziperatuek gogor kritikatu dute erakundeek eta Poliziak izandako jarrera. Salatu dutenez, talde faxistak "uneoro Ertzaintzaren babesa" izan zuen, baita Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren onespena ere.

Instituzioen aldetik jasandako "kriminalizazio mediatiko eta juridikoa" gaitzetsi dute, kargu publiko batzuek mugimendu antifaxista "faxista" gisa izendatu dutela gogoraraziz. Taldeak berretsi du faxismoaren aurkako borroka eta protesta soziala "tresna legitimoak" direla eta, horregatik, inputatu guztien absoluzioa eta auzia behin betiko ixtea exijitu dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago