Gizarte bazterketa jasaten duten gizonezkoentzat Berrasi zentroa ireki dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 20a

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Berrasi zentroa inauguratu du. Argazkia: AFA

Berrasi foru zentro berriak hamalau egoitza plaza eta eguneko zentroko hamar plaza eskaintzen ditu, gizarte bazterketa moderatu edo larriko egoeran dauden gizonei arreta integrala emateko.

Arabako Foru Aldundiak Berrasi egoitza eta eguneko zentro berria inauguratu du asteon. Gizarte bazterketa moderatu edo larriko egoeran dauden gizonei arreta integrala emateko baliabidea da. Armentiako eraztun berdearen inguruan, Abegia zentroak azken urteotan zeukan kokaleku berean ireki dute Berrasi zentroa, eta Xilema Fundazioak kudeatuko du.

Berrasiren eraikinak 900 metro koadroko azalera du, eta bizitegi erabilerarako zein eguneko zentroaren zerbitzurako espazioak ditu, hala nola jantokia, erabilera anitzeko gelak, arreta profesionalerako bulegoak, lantegiak, zaintza zonak eta gela indibidual eta bikoitzak, bai eta lorategi zona duen kanpoko espazio zabal bat ere.

Ekipamenduaren helburu nagusia da artatutako pertsonen arriskuak eta narriadura fisiko, psikologiko eta erlazionala murriztea. Halaber, haien oinarrizko premiak eta laguntza premiak asetuko ditu; haien gaitasun eta trebetasun pertsonal eta sozialak garatzen lagundu; gizarteratzea sustatu eta familia eta gizarte sareak indartuko ditu. Horretarako diziplina anitzeko talde profesional bat du, psikologiako, gizarte laneko, erizaintzako, gizarteratzeko eta gizarte hezkuntzako profesionalek osatua.

2025 urte amaieratik martxan

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) zentro berriak iazko urte amaieran ekin zion bere ibilbideari, eta pixkanaka sartzen ari da beste foru eta udal baliabide batzuetatik eta kaleko egoeretatik datozen eta gizarte bazterketako egoera aitortuta duten erabiltzaileak.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek nabarmendu duenez, "Berrasi egoitza eta eguneko zentro berria abian jartzea aurrerapen garrantzitsua da Arabako Foru Aldundiak gizarte bazterketaren errealitateari eman nahi dion erantzunean, gure gizarteko pertsona askori eragiten baitie".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago