Tranbia Zabalganera eta Betoñuko kotxetegi berrietara zabaltzeko lanak egiteko finantziazio hitzarmena sinatu dute gaur Gasteizko Udalak, Jaurlaritzak eta aldundiak. Erakunde horien izenean, Imanol Pradales lehendakariak, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburuak eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak sinatu dute hitzarmena.
Orotara, 120,7 milioi euroko inbertsioa bideratuko da tranbiaren adar berrirako. Jaurlaritzak lanen aurrekontuaren %65 jarriko du, aldundiak %17,5 ordainduko du, eta beste horrenbeste egingo du udalak. Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sareak, berriz, kotxetegi berrien kostua bere gain hartuko du, udalak lagatako lurretan.
Udalak gaur azaldu duenez, Erdigunetik iristeko bideak zati komun bat izango du, Lovainan, Zabalgana hiribideraino; bertan bi adarretan banatuko da; Aldaiara eta Mariturrira. Hasierako zati komun horretan 7,5 minutuko maiztasuna izango du tranbiak, eta, bigarren zaietan, 15 minutukoa. Orotara bide berriak 6,3 kilometroko luzera izango du.
Aldaiarako adarraren lizitazioa abenduan egin zen, eta lanak 2026ko bigarren seihilekoan hasiko direla dio udalak. Gainerako bi adarrak "datozen hilabeteetan" lizitatuko direla erantsi du.
Maider Etxebarria alkatearen hitzetan, hiriko auzorik jendetsuenak "garraio publiko %100 elektrikoa, irisgarria, erosoa eta gaitasun handikoa merezi" du. Gonzalezek, berriz, nabarmendu du tranbia hiriko garraioaren "bizkarrezur" bihurtu dela, eta "arrakasta handia" lortu duela.