Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformak Umandi ikastolako jantokiko 45 ikasle ingururi eragin dien gastroenteritis agerraldia salatu du. Era berean, gogorarazi du Umandin gertakaria gertatu zen egun berean San Martin ikastetxeak bigarren platera bi aldiz itzuli behar izan zuela, "kontsumorako baldintza egokietan ez zegoelako".
Asteartean jazo ziren lehen kasuak, eta Gasteizko ikastolako zuzendaritzak gertatutakoaren berri eman zien Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari, eta gertatutakoa ikertzen ari dira agerraldiaren jatorria argitzeko.
Gasteizko Eskolen Sukalde Plataformak eskola jantokien eredua kritikatu du, eta azpimarratu du "sukalde zentralizatuetan eta catering enpresetan oinarritutako eredua" muga dela ikastetxeetan elikagaien kontrola, kalitatea eta segurtasuna bermatzeko.
Halaber, gogoratu du jantokiko begiraleak ez direla egoera horien erantzule, "ez baitute elikagaien elaborazioari eta jatorriari buruzko erabakirik hartzen, nahiz eta ikasleen eguneroko zaintzan funtsezkoa izan".
Eredu propioa galdegin dute
Horregatik premiaz eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuari ekin diezaion berehala ikastetxeetan sukalde eredu propio baterako trantsizioari, familiek eta hezkuntza komunitateak parte hartzeko eta kontrolatzeko mekanismo errealak ezartzea, eta bermatu dezala "menu osasungarriak, seguruak eta kalitatezkoak, hurbileko produktuetan oinarrituak, elikagaien segurtasuneko eta nutrizioko irizpide zorrotzekin gainbegiratuak".
Era berean, jantokiko begiraleen lana aintzat hartzea eta duintzea, eta jantokiko hezkuntza-kudeaketan integratzea.