raul diaz de arkaia

"Benetakoak diren bokazioak ez dira erabakitzen"

Ruben Sanchez 2026ko urtarrilaren 18a

Raul Diaz de Arkaia gasteiztarra apaiz anglikanoa da. Argazkia: RAUL DIAZ DE ARKAIA

Gaztetan, Europa gizarte etxeko liburutegian ezagutu genuen elkar. "Zer ikasten ari zara?", "Teologia!", "Teologia? Eta heavy janzkera eta motorrarekin? Eta gainera euskalduna?". Geroztik, hiru hamarkada joan dira. Gero, kazetaritza ere ikasi zuen. Egun, Ingalaterran bizi da, komunitate anglikanoarekin bat eginda.

Gaur egun, eliza anglikanoan apaiza da Raul Diaz de Arkaia (Gasteiz, 1972). Gazeley izeneko herri batean bizi da, East Anglia eskualdean (Ingalaterra). "Izarra baino txikiagoa, Bernedo baino pixka bat handiagoa. Paisaiak Arabako Lautada ematen du, eta lurreko produktuak berberak dira".

Hitz egidazu zure haurtzaroari buruz.

Gasteizko Araba klinikan jaio nintzen, 1972ko Andre Maria Zuriaren egunean (abuztuaren 5ean). Adurtzako Zumakadi pasealekuan bizi ginen. Hiru urte geroago Txagorritxu auzoan etxe bat erosi, eta hantxe bizi izan ginen.

Nolako Txagorritxu gogoratzen duzu?

Auzoko leku guztiak umez beterik zeuden garai hartan. Uda osoan pailazoarena egiten ibiltzen ginen: txirringaz, santxeskiz, korrika, futbolean, petardoekin bazterrak nahasten... Hala ere, nik beste umeek baino denbora gutxiago ematen nuen kalean jolasten; maisuen semea, iloba eta biloba nintzenez gero, presio handia nuen egunero ikasteko, baita udan zehar ere.Txagorritxu auzoa ipar mendebaldeko azkena zen, N-1 errepidea gure etxebizitzaren aurrean zegoen!

Txikitan mezatara joaten zinen?

Nire jaunartzetik aurrera, noizbehinka.

Gaztetan euskaltzalea eta abertzalea zinen...

Nahiz eta eskolan A ereduan egon, euskara maitatu nuen txikitatik. Niretzat, euskara harro egoteko zerbait zen. Ez dakit sentimendu hura nondik etorri zen, nire arbasoengan abertzaletasun sentimendurik ez baita sekula egon. Nerabetan, nire abertzaletasuna areagotu zenean, euskararen aldeko apustu are indartsuagoa egin nuen. Abertzaletasunari dagokionez, gure herriko kaleetan jaso nuela uste dut. Bestalde, Txalaparta argitaletxeko liburu mordoxka irakurri nituen, eta ETB1 ikusteak nire abertzaletasuna eta euskaraz hitz egiteko grina indartu zituen.

Heavya eta motorzalea...

Heavy metalari dagokionez, nire osabak rock bilduma handi bat mailegatu zidan. Talde askoren artean, Judas Priest zegoen. Desert Plains entzuterakoan, nire buruari esan nion: Kontxo, batzuek hau zarata dela uste dute! Biharamunean, Foru kalean zegoen denda batera joan, eta arratsalde osoa eman nuen disko pila bat entzuten! Iron Maiden-en Powerslave-rekin atera nintzen. Eta motorrak. Umetan astebururo TVEko lasterketak ikusten nituen. Sutsuki maite nituen motor haiek. Gero, ustekabean, nolako motorrak maite nituen erabaki nuen: ETBn Music Box saioak Meat Loaf abeslariaren bideo-klip asko emititzen zituen, eta ia-ia guztietan sekulako Custom motorrak agertzen ziren. Nire motorrak horien antza dauka, 28 urte ditu.

Eta apaiza!

Benetako bokazioak ez dira erabakitzen. Jainkoaren deiadarra da. Deiadarra jasotzen duenak baietza edo ezetza emango dio Jainkoari. Niri dagokionez, 19 urterekin jaso nuen deiadarra, eta hurrengo bost urteetan ezbaian ibili nintzen. Azkenean, ezetz esan nion Jainkoari, baina ez fedea galdu edo ziur ez nintzelako, baizik eta niretzat derrigorrezko zelibatoa arazo handia zelako.

Kazetaritza ere ikasi zenuen, nolako esperientzia izan zenuen?

Nahiko ona. COPE Vitoria alde batera utziz, ez dut uste euskal hedabidea denik, nire urterik onenak EITBko irratietan eman nituen, bereziki Radio Vitorian. Ez dakit zer nolako hedabidea den gaur egun, baina XX. mende bukaeran nahiko hedabide irekia zen. Gogoratzen dut Radio Euskadin ibilbide luzeko kazetari bati galdetu niola: "Aizak, zer esan behar diat: España edota Estado Español?" Kazetari hark erantzun zidan: "Di lo que te de la puta gana". Urteak igaro ahala, mesfidantza handia hazi zen nire baitan hedabideei dagokienez. Ez dut uste gaur egungo EITBn pozez gainezka lan egingo nukeenik. Irratia gogoan dut. Nire azken esperientzia Hala Bedi Irratian gertatu zen, Hordago Nabarra irratsaioan. Hala ere, hura ez zen lana, zaletasuna baizik. Apaiza izateari utziko banio, zalantzarik gabe kazetaritzara itzuliko nintzateke, baina nire kabuz; Youtuben kanal bat irekiko nuke eta podcast bati ekingo nioke.

Jainkoaren deiadarrera itzul gaitezen. 19 urterekin izan zela diozu...

Lagun baten anaiak Calahorran (Errioxa, Espainia) antolatu zuten bakarleku batera gonbidatu ninduen. Hantxe bertan, fraide-etxe batean, ahots bat entzun nuen nire baitan. Hitzen bidez naturaz gaindiko gertakari bat azaltzea ez da batere erraza izaten, egia esan. Baina oso argia dena zera da, Jainkoaren ahotsa zen, eta jaso nuen mezua argia: "Izan zaitez Jesusen jarraitzailea, ez era arrunt batean, baizik eta apaiz gisa".
Esango nuke pasio horietatik gaur egun arraroena apaizarena dela, nola eraman duzu?
Niretzat apaiza izatea gauza arrunta da, bereziki dei bati erantzun niolako. Baliteke deia jaso duten apaizgai batzuek ezezkoa ematea, auskalo! Ingalaterran, bestalde, apaizek errespetu handia jasotzen dute. Adibidez, inprimaki bat betetzean, Revd edota Fr (aita) idatziz gero, inprimakia jasotzen duenak jakingo du apaiza naizela, eta horren ondorioz errekonozimendu indartsuagoa jasoko dut. Gainera, landa gunean aintzatespen hori sakonagoa dela uste dut, apaizek ikusgarritasun handiagoa dugulako.

Zer moduzko bizitza daramazu?

Zortzi urte daramatzat Ingalaterran. Ezkonduta nago eta eliza anglikanoan apaiz izatea lortu dut. Hemen, hautaketa prozesua zorrotz samarra da. Atzerritarra naizenez gero, prozesua askoz ere estuagoa izan zen: sei urtez azterketa eta froga askori aurre egin behar izan diet. Nire eginbeharra da, hau bokazioa da, ez lana; gure herrian badago eliza bat, Euskal Herrian bezalatsu. Baina nire eskumena herritik harago luzatzen da: beste sei herritan ere "lan egiten" dut.

Pixka bat estutuko zaitut: Jainkoak sortu du gizakia ala gizakiak Jainkoa?

Jainkoak gizakia sortu du, zalantzarik gabe. Zientziaren aurkikuntzak munduaren diseinu gero eta sofistikatuagoa erakusten ari dira. Mundu hau sekulako adimen berezi batek sortua izan daiteke soilik.

Jainko bat dagoela uste duzu, ados. Baina dogma gizakiek sortua da. Zergatik jarraitu behar da dogma anglikanoa eta ez katolikoa, edo musulmana edo judutarra, edo euskal mitologiaren arabera bizi?

Esan nahi dudana politikoki ez-zuzena izango da, baina nire hitzak bihotzetik datoz. Nire iritzi apalean, kristauak ez diren erlijioek ez dute baliozkotasunik. Gaur egungo erlatibismoaren arabera, norberak bere hautaketa egin badezake ere, Joanen Ebangelioan hauxe irakur daiteke: "Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik". Hitz horien atzean zera nabari dezakegu: Jesukristoren Jainkoa jarraitzeak gure indarrik handiena merezi duela. Islama eta judaismoa ez daude maila berean. Haiek (bereziki musulmanek) Jainkoarekin ezin dute harreman sakon bat izan. Haien erlijioak aginduz beterik daude. Judutarren kasua bereziki samingarria da. Jesukristo lurrera etortzean, judutarren erantzunak haren jarraitzaileak bilakatzea izan behar zuen. Hala ere, gaur egun milioi batzuk judutar haien Mesiaren, "Salbatzailearen”, zain jarraitzen dute. Judaismoaren Apaiz Nagusi eta Gorena, baita fariseo eta eskribauek ere, Mesiasa haien aurrean zeukaten, baina ez zuten antzeman, ezta onartu ere! Hala ere, Israel-en (adibidez) ehunka lagun Kristautasunera jotzen ari dira, hedabiderik handienek horri buruz ezer esaten ez badute ere. Euskal Mitologiari dagokionez, maite dut gure kultura, baina ez nuke esango erlijio bat denik.

Ateoak garenok salbatuko gara zure/zuen arabera?

Ez dut uste ateo asko daudenik munduan. Izan ere, ateo direla uste duten pertsona batzuk ez dira ateoak. Nire anaiak, adibidez, Eliza Katolikoa du etsai, baina horrek ez du esan nahi ateoa denik. Egitez, haren eguneroko bizitzan Jesukristoren baloreak ezartzen ditu haren lanbidearen bitartez, lagun desgaituen zaintzailea da. Zu ere, Ruben, lagun ona zara eta urrezko balore horiek ikus ditzaket. Gure Salbatzaileak esan zuen bezalaxe, ez zara Zeruetako Erresumatik urrun. Elizaren barnean teoria batzuk daude zure galderari dagokionez. Alde batean, gero eta lan on gehiago egiten baduzu, Salbaziotik gertuago egongo zara, eta Jesukristo zure Salbatzailea onartuz gero eta Jainkoaren Semea zela baietsiz gero, salbazioa eskuratuko duzu. Bigarren teoria Judaismoaren osagai nagusia da. Kristau batzuk, ni neu barne, uste dugu Jesukristorekin topo egin, eta hura onartzen baduzu, hortik aurrera zure bizitza zeharo aldatu dezakeela, eta, horren ondorioz, lan onak egitea gauza naturala bilakatuko da nahitaez. Halere, nola edo hala, bihotzez ezin dut esan nortzuk salbatuko diren. Azken batean, Jainkoaren erabakia da, ez nirea.

Kristautasunak joera izan du mundua kristau bihurtzeko edo kolonizatzeko, maiz ezpatarekin batera gurutzea eramanez.

Maiz gertatu da, ezin ukatu. Halakoetan, gurutzea aitzakia besterik ez da izan. Adibidez, Ipar Irlandako gatazkan, The Troubles, hemen deitzen dioten bezala, erlijioa aitzakia zen, gatazkaren atzean zegoena lur horren jabetza zen: errepublikarrak vs unionistak. Gurutzadekin, esaterako, ez dut uste jendetza hil behar dugunik gure fedea defendatzeko. Hala ere, denboraren poderioz, uste dut moralki kristauak atera garela garaile. Nork ekiten dio bortizkeriari gaur egun? Kristauek edo musulmanek? Inkisizioa beste adibide bat da. Historialaria ez banaiz ere, irakurri izan dut noizbehinkako kasuetan soilik ezarri zuela heriotza zigorra Elizak. Gehienetan botere zibilek agindu zituzten heriotza zigor haiek. Baina jo dezagun adibiderik argienera: Amerikako Konkista. Ondasunen bila abiatu, eta urre eta zilar pila bat atera zuten. Gogoratzen dut nire burua "Me cago en el Quinto Centenario" pegatinak banatzen eta Amerikako kolonizazioaren aurka kristorenak botatzen. Gertakari horien atzean dagoen errealitatea azken urteetan argitzen hasi da. Tamalez, historialari anglo-saxoiek ziria sartu ziguten. Espainiak (Ingalaterra eta Britaniar Inperioak ez bezala) balio kristauen bitartez zibilizazio berri bat ezarri zuen haren mendean zeuden lurralde haietan. Egitez, Britaniarrek juxtu kontrakoa egiten zuten: genozidio hutsa. Joan zaitez Ipar Amerikara, eta gero Ertamerika eta Hego Amerikara. Non dago indio gehiago?

Azaroan 'Remembrance Week' delakoa izan zen...

Day of Remembrance edo Oroimen Eguna azaroaren 11n izaten da, Lehen Mundu Gerraren amaiera ospatzeko asmoz. Mezak edo hamabost minutuko errito kristauak ospatzen dira hildakoen omenezko oroigarriaren aurrean. Guda beteranoek eta militarrek parte hartzen dute. Apaizak otoitz egiten du guda guztien amaieraren alde. Neurri batean, ekintza bakezaleak dira. Hala ere, horren aurka nago, elizkizunak gudaren alde batekoen aldekoak direlako. Aurten, adibidez, VJ Day (Japoniaren kontrako Garaipenaren Eguna) ospatu zen hemen, eta uko egin nion parte hartzeari. Hiroshima eta Nagasakiren aurkako bonbak direla eta, ez dut uste ezer ospatzeko dagoenik. Era berean, orain dela hilabete batzuk VE Day (Europako Garaipenaren Eguna)ospatu zen. Ez dut uste bando bat defendatu behar dugunik, aliatuak etikoki zuzenak izan balira bezala. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago