Usain kutsaduraren araudi bat eskatu dute

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 15a

Arazoa berariaz arautuko duen udal ordenantza baten alde azaldu dira. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

SOS Margarita eta Ekologistak Martxan Gasteizko udal taldeekin hizketan ari dira, usainak arautzeko eskatuko duen mozio bat sustatu aldera.

Gasteizek usain kutsaduraren gaineko arau bat izateko eskatu dute SOS Margarita eta Ekologistak Martxan taldeek. Gaur ezagutarazi dutenez, Gasteizko udal talde politikoekin hizketan ari dira sei hileko epe batean usain kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko udal ordenantza bat idaztea eskatuko duen mozio bat lortu aldera. Lehenik eta behin, eta araudi hori egin ahal izateko, usain kutsaduraren mapa bat egiteko eskatu dute. 

Ekimena azken hilabeteetan Ariz, Lermanda, Krispiña eta Margaritako administrazio batzarrekin egindako "lan kolektiboko prozesu baten emaitza" dela esan dute. "Toki erakunde horiek behin eta berriz adierazi dituzte gune horietan bizi diren pertsonen eguneroko bizimoduari eragiten dioten usain txar iraunkorren ondoriozko arazoak".

Argudiatu dute usain kutsadurak "askotan gutxietsita egon arren" ondorio zuzenak dituela osasunean eta ongizatean. "Usain txarrekiko esposizio jarraituak estresa, atseden alterazioak, ondoez psikologikoa eta gizarte gatazkak sortzen ditu; eta, bereziki, adinekoei, haurrei eta arnas gaixotasunak edo gaixotasun kronikoak dituztenei eragiten die".

Talde hauen ustez Gasteiz gaiaren bueltako berariazko ordenantzarik ez izatea "prebentzioa, usain gertakarien ebaluazio objektiboa eta neurri zuzentzaile eraginkorrak hartzea" zaildu egiten du, eta, horregatik, hori sortzeko eskatuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago