'Ez dago kerik surik gabe' zikloa Jimmy Jazzera itzuliko da

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 14a

Ez dago kerik surik gabe zikloaren aurreko edizioko irudia. Argazkia: Jimmy Jazz

Bi mahainguru eta antzezlan batekin pentsamendu kritikoa eta kultura nahastuko dituzte, urtarrilean, otsailean eta martxoan.

Pentsamendu kritikoa, musika eta arte eszenikoak uztartzen dituen Ez dago kerik surik gabe kultur zikloa antolatu dute aurten ere Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Ekimenak doako bi mahainguru eta antzezlan bat bilduko ditu, kultura garaikidearen inguruko gogoeta kolektiborako espazio gisa.

Zikloaren lehen hitzordua urtarrilaren 19an izango da, 19:00etan euskarazko mahainguruarekin. Ikusten dena politikoa da: gorputz disidenteak eszenan izenburupean, Danel Galdaera (Divina Comedia), Eva Perez Pons, Txerra Bolinaga eta Maruxak izango dira oholtza gainean, Ane Lindanek gidatuta. Saioak gorputz disidenteen presentzia eszenikoa izango du ardatz, abiapuntu hartuta ikusgai den oro politikoa dela. Praktika eszenikoek arau hegemonikoak, identitateak eta diskurtsoak nola kolokan jar ditzaketen aztertuko da.

Bigarren mahaingurua otsailaren 2an egingo da, kasu honetan formatu elebidunean. Spotify, boikotak eta musika entzuteko etorkizuna izango dute mintzagai Elias (Oso Polita/Last Tour), La Furia, Doinu.app eta Jon Basagurenek. Naiz irratiko Iker Gurrutxagak moderatuko du solasaldia, eta musika entzuteko moduen bilakaera izango dute hizpide: plataforma digitalen eragina, boikot kulturalak eta artista zein proiektu musikalentzat bidezkoagoak izan daitezkeen eredu alternatiboak.

Mahainguruez gain, zikloa ixteko, antzerki emanaldi berezi bat antolatu dute martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurreneko oroimen ekitaldien baitan: Olvido Flores. Estefania de Paz Asin artistak hartuko du oholtza martxoaren 1 igandean, 18:00etan, eta sarrera gutxi batzuk daude eskuragai oraindik Jimmy Jazzeko webgunean.

Obrak objektuen lengoaia eszenikoa erabiltzen du edertasun mingotsa, poesia, zirkoa eta gerra uztartzen dituen kontakizun bat eraikitzeko. Memoria historikoari eta ahanzturara kondenatutako pertsonen omenezko lan poetikoa da. Antzezlanak 1936ko uztailean Lodosan gertatutakoen testigantzak jasotzen ditu. Urte hartan iparraldeko biran zebilen Circo Anastasini taldeko hainbat artista fusilatu zituzten, eta beste batzuk tropak entretenitzera behartu zituzten. Pieza honek artea, memoria eta erreparazio sinbolikoa uztartzen ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago