Vital Fundazioak antolatutako Zinemastea jaialdiaren 42. edizioa urtarrilaren 23tik 30era ospatuko da Gasteizen. Aurten, ekitaldiak kokaleku berria estreinatuko du Arkabia gunean, eta bertan euskal ekoizpeneko hamar film onenak pantailaratuko dituzte. Egitaraua urtarrilaren 31n amaituko da, Europa Jauregian egingo den sari banaketa eta itxiera ekitaldiarekin.
Aurtengo hautaketak euskal zinemaren osasun ona islatzen du, programatutako lanek 26 izendapen lortu baitituzte Goya sarietarako. Izendatutakoen artean faborito nagusiak nabarmentzen dira: Los domingos (13 izendapen) eta Maspalomas (9 izendapen). Horiekin batera, Paul Urkijo, Asier Altuna eta Juanma Bajo Ulloa bezalako zuzendarien lanak ikusi ahal izango dira, beldurrezko generotik hasi eta animazioraino.
Berrikuntza gisa, jaialdiak hezkuntza arloari lekua egingo dio ikasleentzako jarduerekin, non gazteek sortzaileekin harreman zuzena izateko aukera izango duten. Sari banaketari dagokionez, aurten kategoria berri bat gehitu da, Jatorrizko Soinu Banda onenarena, eta profesionalen epaimahai batek erabakiko ditu irabazleak, publikoaren eta Vital Fundazioaren sari bereziekin batera.
Emanaldiak arratsaldez izango dira, 19:30ean, eta asteburuan saio bikoitzak eskainiko dituzte. Saio bakoitzaren ostean, ikusleek solasaldiak izango dituzte protagonistekin. Jaialdiaz gozatzeko abonuak eta eguneko sarrerak eskuragarri daude dagoeneko jaialdiaren webgunean zein Arkabian bertan.
Amaiera galak Jon Plazaola eta Nerea Mazo izango ditu aurkezle, eta umorez zein musikaz jantzitako ospakizuna izango da Rockalean taldearen eta Gurutze Beitia eta Gorka Aginagalderen eskutik. Ekitaldi honetarako gonbidapenak gaurtik aurrera jaso daitezke Arkabian, eserlekuak bete arte.