Mercedeseko suhiltzaileek greba mugagabea deitu dute ostegunetik aurrera

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 13a

Mercedeseko langileak iaz, protestan. Argazkia: ELA

Enpresaren proposamena "eskasa" zela iritzita, eta negoziazioak blokeatuta daudela salatuz, grebara joko dute Mercedesek azpikontratatutako 27 suhiltzaileek.

Mercedes-Benz auto enpresaren Gasteizko plantako suhiltzaile industrialek greba mugagabea hasiko dute ostegunean, euren hitzarmen kolektiboan hobekuntzak eskatzeko. 

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Previnsa enpresako 27 langileek salatu dute hitzarmena berritzeko negoziazioak erabat blokeatuta daudela. Enpresak egindako soldata proposamena "eskasa" dela diote, eta ez datorrela bat bizi kostuaren igoerarekin ezta lanak dakarren erantzukizun mailarekin ere.

Gainera, sindikatuak adierazi du Previnsak uko egin diola urteko 1.770 orduko lan karga murrizteari. Horrek eragin zuzena du langileen egunerokoan, nabarmendu dutenez, eta ondorioz suhiltzaile askok 80 ordutik gorako aparteko orduak pilatu dituzte.

ELAk gogorarazi du Previnsak zerbitzua hartu zuenetik, 2025eko urtarrilaren 1ean, egoera "jasanezina" bihurtu dela. Sindikatuaren arabera, ez dira soilik suhiltzaileen lan baldintzak okertu, baizik eta Mercedeseko lantegiko langileen eta instalazioen segurtasuna bera ere arriskuan jar daitekeela ohartarazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago