Berakahk adingabeak dituzten hainbat familia etxetik bota nahi dituela salatu dute

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 13a

Etxegabetze arriskuan dauden bizilagunei elkartasuna adierazi diete auzokideek. Argazkia: Auzoan Bizi

Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak salatu du Alde Zaharreko bloke oso bat hustu nahi duela parrokiaren gizarte ekintzak. Atzo zuten azken eguna etxea uzteko, baina hainbat familia bertan gelditu dira, alternatibarik ez dutelako.

Berakah programak kudeatutako etxebizitzetan bizi diren hainbat familia etxegabetzeko asmoa duela salatu dute. Gasteizko Alde Zaharrean dago Hogar Belen izena jarri dioten blokea, eta eraikin osoa hustu nahi du parrokiaren ekintza sozialak. Adingabe asko daude etxe horietan bizitzen, eta urtarrilaren 12ra arteko epea eman zien Berakahk familiei etxea beren kabuz utzi zezaten. Epea pasata, hainbat familiak etxeetan jarraitzen dute, bestelako bizileku alternatibarik gabe. Berakahk ohartarazi zien etxea ez uztekotan etxegabetzeko prozedura legala abiatuko zuela.

Auzoan Bizi Alde Zaharreko etxebizitza sindikatuak jakinarazi du familiak bertan geldituko direla, jakinda "prozesu judizialik hasi ez dela eta, orduan, oraingoz legalki ezin dituztela etxegabetu", eta adierazi dute erresistentzia egiten jarraitzen dutela blokean. Hogar Belen zena, "kristautasunari erreferentzia garbia eginez", Bayt lahm izendatu dute, Zisjordaniako hiriaren arabierazko adiera hartuz. Hilabete gutxi batzuk eta bi urte artean daramatzaten bertan familiek, Berakah fundazioaren laguntza programa baten bidez.

Sindikatutik salatu dute Berakahk "bat-batean" kontratua etetea erabaki duela, "aldebakartasunez eta familia hauek ezagutzen ez dituzten arrazoiak tarteko". Berakahk negoziatzeko prestutasuna azaldu bazuen ere, salatu dute ez dutela inolako bilerarik egin nahi izan.

Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako gizarte ekintza da eta hainbat laguntza jasotzen ditu, izan Gasteizko elizbarrutiarena, Vital fundazioaren finantziazioa edota dohaintza anonimoak. Kudeaketa pribatua eta "asistentzialista" izatea leporatu diote, eta irizpide eta praktika opakua dituela salatu.

Ez da lehen aldia Berakahren jarduna auzitan jartzen dena. 2023 eta 2024 artean, hiru familia etxegabetu zituzten, eta sindikatuak salatu du argi mozketak, xantaiak, mehatxuak eta tratamendu arrazistak jasan dituztela zenbait familiek. Familien artean gatazkak sortzen aritzea ere leporatu diote Berakahri, "auzokideak ez zitezen elkarrekin antolatu". Auzoan Bizik exijitu du etxegabetze saiakera guztiak berehala gelditzeko eta etxebizitza alternatiba duin eta iraunkorrak eskaintzeko. Halaber, herritarrei dei egin die "etxebizitzaren gatazkan posizioa hartu eta antolatzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago