Gasteizko udaleko ur zerbitzuko arreta zerbitzuaren publifikazioa onartu dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk goizean, AMVISAko administrazio kontseiluaren bileran. Alta, publifikazioa enpresan azpikontratatuta lan egiten duten sei langileen subrogaziorik gabe onartu da, eta ondorioz, langileak kaleratuko dituzte.
Gauzak horrela, ELA sindikatuak iragarri du langileek greba mugagabea hasiko dutela hilaren 21etik aurrera. "ELA ados dago publifikazioarekin, baina horrek ez du esan nahi langileen eskubideak errespetatu gabe egin behar denik. Azpikontratazioa erabaki politiko bat da, eta orain, publifikazioa ere kaleratzerik gabe egitea erabaki politiko bat da", esan du sindikatuak.
"Iruzurra" eta "zigorra"
Elkarrekin taldeak publifikazioaren kontra bozkatu du goizean, hain zuzen udal gobernuak eta EH Bilduk ez dutelako langileen subrogazioa kontuan hartu. Elkarrekin-en ustez, udalak langileak subrogatzeko "betebeharra" du, "Langileen Estatutuaren 44. artikuluak eta 2001/23/EE Europako Zuzentarauak jasotzen duten bezala".
Horregatik, uste dute erabaki horrek "iruzurrezko kaleratzea" dakarrela, eta auzia epaitegietan amaituko dela. "Unea aprobetxatu dute hiru hilabeteetan greba mugagabea egin duten langileak zigortzeko", esan du Gustavo Angulo zinegotziak. "Erabaki politikoa da, baina guztiz zalantzagarriak eta arbuiagarriak diren argudio teknikoekin justifikatuta dago ", adierazi du.